MONDRAGON UNIBERTSITATEAK bigarren garaipena lortu du etxean

Erabiltzailearen aurpegia Ointxe! Saskibaloi KE

Arrasateko taldeak defentsan oinarritutako garaipen sendoa lortu du Baskoniaren aurka (72-50). Arrasateko taldeak norgehiagoka bikaina jokatu du talde-lanean, eta jokalari gazteen ekarpena bereziki nabarmendu da. 

MONDRAGON UNIBERTSITATEA OINTXEk garaipen garrantzitsua eskuratu zuen igandean Baskoniaren aurka (72-50), Aretxabaletako Ibarra kiroldegian. Arrasatearrek talde sendo eta lehiakorra erakutsi zuten, azken jardunaldietan antzemandako hobekuntzari jarraipena emanez.

Pablo Sanzen mutilek defentsan egindako lan bikaina izan zen garaipenaren oinarria. Erritmo bizian jokatzea gustuko duen aurkari baten aurrean, OINTXEk intentsitate handiz jardun zuen, Baskoniaren erasoko aukerak nabarmen mugatuz. Aipatzekoa da jokalari gazteen lana, kategoriak eskatzen duen maila fisikora egokitzeko eta defentsan erantzukizunak hartzeko urrats garrantzitsua eman baitzuten.

Partidaren hasiera ez zen erraza izan etxekoentzat, Baskonia aurretik jarri baitzen lehen minutuetan. Hala ere, OINTXEk ondo erantzun zuen, defentsa sendotu eta erasoan aukera hobeak sortuz. Horrela, lehen laurden bikaina osatu eta partidaren norabidea aldatzea lortu zuen. Hortik aurrera, arrasatearrak nagusitzen joan ziren, talde osoaren ahaleginari eta defentsako sendotasunari esker. Baskoniak 0-10eko partziala lortu eta une batez estutasunean jarri bazituen ere, OINTXEk ez zuen burua galdu. Taldeak berriro hartu zuen partidaren kontrola, eta azkenean 72-50eko garaipen argia eskuratu zuen.

Emaitzaz harago, taldearen bilakaera positiboa berretsi zuen neurketak. Jokalari gazteak gero eta erosoago ari dira kategorian, eta entrenatzailearen joko-ideiak gero eta hobeto barneratzen ari dira. Garaipen honekin, MONDRAGON UNIBERTSITATEA OINTXEk bi garaipen eta bi porroteko balantzea du.

Hurrengo aurkaria Askartza Claret izango da, orain arte emaitza berdinak lortu dituen taldea. Arrasatearrek erakutsitako mailari eusteko beste aukera bat izango dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak