Smartlog Ointxe taldeak Galdakaoren aurka jokatu zuen ostiralean, eta 52 – 46 irabazi zuen. Bizkaitarrek 13 – 9 irabazi zuten, baina atsedenaldirako Arrasateko neskek 25 – 20 agintzen zuten, eta bigarrenean 52 – 46 amaierara iristeko abantailei eusten jakin zuten.
Larunbatean Bizkaiko Emakumezkoen 2. Ligako beste euskal taldea izan zen aurkaria, Barakaldo, eta oraingo honetan Smartlog Ointxe taldeko neskak nagusi izan ziren hasierako jauzian, 20 punturainoko abantailak lortuz, eta partidaren amaierak 61 – 54 puntuko aldea islatu zuen, Ortuellan jokatu den Torneoaren garaipena emanez.
Igandean mutilen txanda izan da, eta Mondragon Unibertsitatea Ointxe taldeak Loiola Indautxuren aurka jokatu du Iturripen, Euskal Kopako final-laurdenetako partida batean.
Lehen laurdenean 21 – 12 nagusitu zen Mondragon Unibertsitatea, baina atsedenaldian bizkaitarrek kontrola kendu zioten etxeko taldeari, 40 – 41. Atsedenaldiaren ostean, ordea, Mondragon Unibertsitateko jokalariak partidaren erritmoa kontrolatzen hasi dira, eta partidaren jaun eta jabe bihurtu dira, 66 – 60 markagailuarekin. Azken 10 "ak kolore lokalekoak izan dira argi eta garbi, 27 – 9ko partzialarekin.
Datorren asteburuan hasiko da bi taldeentzako Liga, eta bi kasuetan etxetik kanpo: Smartlog Ointxe taldeak Lleidan jokatuko du igandean, 12:00etan, denboraldi honetako joan-etorririk luzeenetakoa, eta Mondragon Unibertsitatea Santutxun hasiko da, igandean, 17:00etan.