Asiako zeruen azpian

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Peña 2021ko eka. 13a, 00:00

Txinan abiatu zen pandemia, 2019ko abenduan, eta Indian bereziki gogor jotzen ari da 2021eko maiatz honetan, baita Nepalen ere. Ez dugu koronabirusari buruz hitz egingo testu honetan, ez, atseden hartuko dugu. Iñaki Ochoa de Olza iruindarrak (1967ko maiatzaren 29a-2008ko maiatzaren 23a) idatzitako eta 2010ean argitaratutako Bajo los cielos de Asia liburu ezagunarekin abiatuko gara, hil eta bi urtera aurkeztutakoa.

Gutariko gehien-gehienok sekula ezagutuko ez ditugun mendietan izandako bizipenak irakurtzea bidaia egiteko beste modu bat da, eta, fondoan, mendi eta paraje haiek apur bat ezagutzeko ere bai. Hainbestetan entzundako izenak, tontor urrun haiek: Kangchenjunga, Everest, Cho Oyu, K2, Shisha Pangma, Gasherbrum I eta II, Broad Peak, Lhotse, Ama Dablam, Nanga Parbat, Makalu... Liburua, lerro zuzena baino gehiago, suge batek egindako bidea bezain bihurritua da; Iñakik berak munduko hamalau gailurrik altuenak igotzea ez zuen jotzen helburu nagusitzat hastapenetan. Goi mendiko mundu hartan modu nahiko librean ibili zelako inpresioa gelditu zait haren testuak irakurrita.

Zerrenda osatzeko, bi izen falta izan zitzaizkion, azkenean: Kangchenjunga –igotzen saiatu zen lehenengo zortzimilakoa– eta Annapurna, igotzeko saiakeran bertan hil zen. Ederto kontatzen du Jorge Nagore kazetariak zer gertatu zen han duela 13 urte, Los 14 de Iñaki liburu erabat gomendagarrian. Mundu tamalgarri honetan elkartasuna ere posiblea dela erakusten duelako, hamalau pertsona mobilizatu egin ziren Annapurnako bazter haietan erreskate saiakera hartan. Pablo Iraburuk jaso zuen istorio triste baina eder hori Pura vida dokumental zoragarrian.

Erreskate talde inprobisatuak ez zuen lortu Iñaki bizirik ekartzea, baina beste kontu garrantzitsu batzuk lortu zituzten: bakarrik ez hiltzea, zainketa haiek ematea, giza presentzia beroa. Jorge Nagorerenak dira hitzak, itzulita: "Iñaki zaintzea, ordu batzuk geroago hil zen arte, alpinismoaren historiaren zati bat bihurtu da, eta bihotz onekoa izatearen muina bera da. Ueli Steck ez zen ezkutatu, bizitza jokoan ipini zuen, Iñakirengana heldu zen, botikak eman zizkion, elikatu egin zuen, zaindu egin zuen, bizitza ematen saiatu zen, oxigenoarekin atzetik zetozenak garaiz iritsiko zirelakoan. Saiatu zen bizkortzen hil zenean eta, azkenik, arrakala batean ehortzi zuen. Iñaki Ochoa de Olzak gizaki aparta eduki zuen alboan hil zenean".

Ueli Steck ere (1976ko urriaren 4a-2017ko apirilaren 30a) Himalaian hil zen, duela lau urte. Baita erreskate taldeko Alexei Bolotov ere (1963ko urtarrilaren 20a-2013ko maiatzaren 15). Patu bera eurentzat ere.

Sarritan, zaila da ulertzea kaletik nondik datorren mendiko pasioa, Ochoa de Olzaren liburura itzulita: "1990eko udaberrian, amets hiritarretik esnatu nintzen. Ez dut ezer jakin nahi unibertsitate ikasketetatik edo irakasle aspergarri haietatik. Esnatu naiz nahi dudan bizitzara. Ez dakit nik aukeratu dudan edo gehiago izan den alderantziz. Baina gertatu da eta orain bide bat aurkitu dut, nirea izango dena. Berari jarraitu baino ez dut egin behar".

Norberaren etxea zein da? "Iritsi gara; azkenean, etxean gaude. Etxea zure bihotza dagoen lekua besterik ez da, eta altuera hauetan gureak jabea badauka: mendi hauek".

Baita heriotzaren inguruko hausnarketak ere: "Aurreko hilabeteetan, nire amaren gaixotasunarenak, senak esan zidan heriotza dela bizitzari zentzua ematen diona. Eta K2 basatian bisitan etorri zitzaigun dotore jantzita. Bizitza ez da existitzen heriotza gabe. Sinplea ematen du, baina ez da. Beharbada, horregatik ez digute eskolan irakasten" (…) "Nire amak orduan ez zekien K2 ia minbizia bezain hilgarria dela".

Puntu hauek eta beste batzuk jorratzen ditugu Mendian hil. Hirian hil dokumentalean, zuetariko batzuek dagoeneko ikus-entzun duzuena. Debagoienean, Arrasaten bi aurkezpen jendetsu gogoangarri haietako batean, akaso, egon zinen, Aretxabaletako sei ostiral haietako batean, Aramaion, Eskoriatzan, Antzuolan edo Elgetan. Oñatira eta Bergarara oraindik ezin izan gara hurbildu. Abenduan Bilboko Mendi Film zinemaldian estreinatu ostean, Ordizian, Tolosan, Zarautzen eta Donostian ere aurkeztu izan ahal izan dugu Gipuzkoan.

Euskal Herriko zeruen azpian, ibilbide polita egiten ari gara Araban ere. Lehen aipatutako Aramaioz eta Gasteizez gain, Aiaraldean ere egon izan gara, Amurrion eta Laudion. Bizkaian, Bilbon egon eta gero, Zaldibartik deitu ziguten, eta laster itzuliko gara Durangaldera, Iurretara eta Mallabira. Nafarroan, Iruñea bisitatu ondoren, laster joango gara Bortzirietara, Lesakara.

Heriotzaz hitz egiten dugu, eta, batez ere, bizitzaz. Gertakari tragikoen ostean, aurrera jarraitzen duen bizitza honetan proiektu ederrak sortu daitezkeelako, SOS Himalaya eta Baltistan fundazioaren kasuetan bezala. Bizitza biderkatuz. Eta bizitza ospatuz, Urretxuko Mendi Festan eta Aretxabaletako Bizir Egunean bezala. Koronabirusak eragotzi zituen iaz, baina aurten zirrikituetatik formula berriak asmatu dituzte herri bietan besoak gurutzatuta ez gelditzeko. Aurrera bizitza!

Geure lurraldeetatik kanpo, lehenengo irteera egin dugu Burgosera. Udazkenean espero ditugu gehiago; Torello herriko Festival de Cinema de Muntanya ezagunean, adibidez. Eta, harrigarria bada ere, Brasilgo mendi zinemaldi batetik ere proposatu digute parte hartzea udagoien aldean. Hego Amerikako zeruen azpian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak