... kritikoei buruz, ez naz sartuko politikaren ur handietan… are ur handiagoetan murgilduko naz, ordea! GOIENAren 504. zenbakiak Eutsi Berrituz talde gipuzkoar matxinoaren barri ekarri eban, eta Elexaren esparru ez ofizial horreri buruz ariko naz hain zuzen be (glups!).
Lelengo disidenteak orain dela 500 urte agertu ziren Alemanian (Martin Luther), Holandan (Erasmus), Suitzan (Jean Calvin) eta Eskozian (John Knox), besteak beste, Inkisizinoa eta Elexaren beste gehiegikerien aurka, Humanismoaren alde, apaizen ezkontzen alde edo latinaren ordez lurralde bakoitzeko hizkuntzen alde. Euskal Herrian, adibidez, Joanes Leizarraga kalbinistak Itun Barria euskaratu eban 1571n.
XX. mendeko "protestanteak" Elexa Katolikoaren barruan, neurri handi batean, 1970eko hamarkadan eta nagusiki Latinoamerikan piztutako Askapenaren Teologiaren eskutik datoz, tartean Helder Camara, Oscar Romero, Samuel Ruiz, Ernesto Cardenal, Pere Casaldaliga, Hans Küng, Leonardo Boff, Ignacio Ellacuria eta Jon Sobrino.
Gaur egun be ez da falta hierarkiaren aurkako errebelderik, Michele Birch-Conery eta beste 9 andra iparamerikarrek Vaticanori desafiatu eutsien 2005ean eta abadetu ziren Kanadako paraje zoragarri batean.
Jose Antonio Pagola eta Joxe Arregiren ibilbideak be nahikoa ezagunak dira geurean. Eta Pello Zabala ikusi zenduten Xabier Euzkitzegaz ETB1en? Interneten ikus/entzungai dago, saio ederra da. "Eliza Gara", "Kristau Sarea, "Iglesia 2.0", "Justícia i Pau", "Col·lectiu de Dones en l’Església"… Matxino ugari bai, baina gitxiengoan. Buruzagiak bitartean gor eta burugogor, hondamendiruntz eroaten dauan jarrera itxia da eurena, jendarteko gehiengoagaz sekula bat egingo ez dauana. (Oharra: Koldo R Bengoa, Felix Askasibar eta Loli Puenteri dedikauta).