"Twist"

Erabiltzailearen aurpegia

Orain dala urte gitxi batzuk Ipar Euskal Herriko zoro batzuk...

... The Sparteens izeneko musika taldea, 70, 80 eta 90eko hamarkadaren kanta famatuak (Sex Pistols, La Polla Records, Kortatu, Delirium Tremens, Su ta Gar, Nirvana, Kuraia…) bertsionatzen hasi ziran, abestiak ezinezko moduan aldatuz eta 60ko hamarkadaren ukitua emonez; "ye-ye" estetika, alegia.

Frantzian abiatu eben pop musika mugimendu hori, Wikipedian irakurri dodanaren arabera, tartean Johnny Hallyday, France Gall eta Serge Gainsbourg egoazala. Hortik "Ye-ye"-ak Italiara eta Espainiara (Massiel, Karina, Marisol…) jauzi egin eban, eta sasoi beretsuan, "Twist" izeneko dantza modan ipini zan itsasoaz bestaldean, Estatu Batuetan, Chubby Checker, Bill Haley eta Sam Cooke-gaz, besteak beste. Baina kontu arraroa da twist abesti famatuenetarikoa Ingalaterran egin ebela, The Beatles-ek alegia, eta ez Ameriketan.

Halaber, Twist Harkaitz Canoren azken nobelaren izenburua da, 400 orrialde pasatxo deukon lan mardula, baina hasiz gero ziur aski harrapatuko zaituena. Liburu borobila da, neure uste afizionatuan, orain arte oihartzun positiboa sortzen dabilena, euskal letretan gitxi ez dana. Are gehiago, azken urteotako elebarririk hoberentzat be jotzen dabe batzuk…

1980ko hamarkadan gertatutako hainbat kontu aipatzen ditu, fikzionatuta, horietako asko ezagunak baino ezagunagoak gaztetxoak ez garenontzat. Bestela, bitxia bada be, antzerkia, artea, sexua, politika, medikuntza, kirola, adiskidetasuna, bikoteak bai, baina musika aipamenik (ia) ez dago. Izenburua gorabehera.

Horra gomendioak, beraz, musika eta literatura, Sparteens eta H. Cano. Eta hona agurra, "mikrofono" hau aprobetxatuta, Osintxuko lagun txuri-urdinei. Derbi guztien ganetik. Twist and Shout: Aupa Real!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.