... eta horietako bat Udazkena bera da. Zirimiria desagertu edo desagerrarazi dogun moduan ipar haxe freskoak akabatu ditugu.
Parkatu! Geu ez gara izan, badakit, klima aldaketa izan da. Baina lasai, kontu ziklikoak dira eta orain honek toketan dau. Klima Aldaketarik berez, maiuskulaz, ez dago. Ekologisten kontua da, Khmer Berdeen asmakizuna. Hori behintzat esaten (eta esango) deusku espainiar presidente barriak. Nunca Maisen lurraldean aurreko domekan zenbat ahuntzek gogoan hartu dau hondoratutako petroliontzia? Zelan eukan izena?
Ados nago, lokatzak ez dira politak, petrolioa legez zikinak dira. Gentlemen and ladies euria gorrotatzen dogu, baina onddoak maite ditugu, goxo-goxoak dagoz eta. Eguzkia gura dogu eskiatzen dogun bitartean, zoragarria! Baina hodeiak behar dira edurra sortzeko, ezta? Hori eskolan ikasten da, landareek eguzkia ez ezik ura be beharrezkoa dabela.
Eguraldi ona edo txarra, udako edo neguko ordutegiak, kontserbadoreak edo laboristak, PP edo PSOE, nazionalistak edo "ez nazionalistak", Panathinaikos edo Olinpiakos, Barça edo Madrid, gipuzkoarrak edo bizkaitarrak… Zein sinpleak bihurtu gaituzte.
Halandabe, dena den eta zorionez, ahuntz matxinoak egon badagoz, eta mendiz mendi saltoka dabilz. Udagoieneko zaporea ekartzen deuskue oraindino Ruper Ordorikak, Pello Zabalak eta Joseba Sarrionandiak. Ez dot andrazkorik aipatu, baina irakurtzen dituzue Aurelia Arkotxaren zutabeak Berria-n? Hori bai zirimiri freskoa, jertse lodi goxoa eta Iratiko baso gorri, laranja, hori, granate eta nabarra. Gero eta orlegiagoa naz, zer egingo deutsagu, eta ez dot itxaropenik galdu gura, negua etorri baino lehen, Gabonak iritsi bitartean, Udagoienaz gozatzeko.
Portzierto, Araba non dago?