Northern Harmony abesbatza 1993an sortu zen Vermont-en (Ameriketako Estatu Batuak). Munduko kantu polifonikoak jorratzen ditu, eta baita Ameriketako garai bateko kantu, harmonia eta musika-tresnak ere. Hogeita bost urteko ibilbidean Amerika eta Europan barrena goraipamenez betetako bira arrakastatsuak egin ditu. Otsailetik itzulia egiten ari dira Bretainia Handia, Frantzia eta Euskal Herrian zehar (Iruñea, Eibar, Errenteria).
Elgetakoa itzuliko azken emanaldia izango da, azken eguna. Bulgaria, Gerogia, Korsika, Hego-Afrika eta Ameriketako kantu tradizionalak abestuko dituzte, eta ondoren, trukean, guztiok batean, euskal kanta ezagun batzuk ere emango ditugu.
Kantuaren ostean, dantza. Abesbatzako partaide den Jeremy Carter-Gordonek Ameriketako contra dance edo kontradantza saioa gidatuko du, guztiok dantzan jartzeko. Dantza erraz eta dibertigarriak izan ohi dira, eta oso indarrean daude AEB-etan. Guk ere, berak proposatuta, Euskal Herriko kontradantza batzuk erakutsiko dizkiogu, trukean.
Musikari, abeslari eta dantzaria da Jeremy Carter-Gordon. 2011 urtean ezagutu genuen Euskal Herrian, ezpata-dantzak ezagutzera etorrita. Etnokoreologia ikasketa bukaeran beka eskuratu zuen urtebetez Europako ezpata-dantzak aztertzeko. Kontinente zaharrean barrena, Eibar, Beasain, Markina-Xemein, Iurreta eta Elgoibarren izan genuen Euskal Herriko ezpata-dantza batzuk ezagutzen. Hori bakarrik ez, ingeles tradizioko rapper dantzetan ere trebatua denez (Estatu Batuetan eta Ingalaterran bertan), rapper dantza ikastaroa eskaini zigun Dantzan Ikasi programan.
'Contra dance' irakasle edo gidaria ere bada Jeremy. Ingalaterra Berria edo New England eskualdean barrena jardun ohi du saioak ematen 2009. urtetik. Ingalaterrako country-dance dantza klasikoak ere ezagutzen ditu.
Banjoa ere berarekin ekarriko al du?
EGITARAUA
- 18:00 Northern Harmony abesbatzaren emanaldia (Bulgaria, Gerorgia, Korsika, Hego-Afrika, Ameriketako kanta tradizionalak)
- Amaieran, denok batean euskal kanta batzuk.
- 19:00 Ameriketako contra-dance kontradantza saioa Jeremy Carter-Gordonen eskutik. Euskal Herriko dantza batzuk erakustea ere proposatu digu. Hemengo kontradantza / kadrile batzuk beharbada...
- Amaieran, agur-kantak.
- Sarrera libre, baina amaieran borondatezko ordaina eskatuko da (txapela).
Antolatzaileak: Elgetako Udala eta Herrixa Dantzan