Aurten 25 dantza-lagun inguru etorriko dira Kataluniatik, abenduaren 6tik 9ra, zubi-pasa. Tartean, hainbat talde eta dantzalditan aritu ohi diren musikariak. Iruñean, Altsasun, Elgetan, Durangoko Azokan eta Zarautzen emango dituzte dantzaldiak.
Elgetan ostiralean izango ditugu, Espaloia kafe-atzokian, 20:00etatik aurrera, Herrixa Dantzan dantzaldien egitarauaren barruan. Aurreko urteetan bezala, Julen Altzelai ere bertan izango da eko-talo goxoak prestatzen. Sarrerarik ez da ordaindu behar, baina txapela pasako dute, taldekideen bidai eta egonaldiko gastuak ordaintzen laguntzeko.
Escamot català ekimena Kataluniako dantzazale talde batek sortu zuen orain lau urte. Euren xedea, abenduko zubian Euskal Herrira txangoan etorri, musikari eta dantzariak, eta bixitan doazen lekuetan dantzaldiak sortzea. Urtetik-urtera sona handia hartzen joan da, bai Kataluniako dantzazaleen artean, bai geurean ere, sortzen duten dantza-giro ederragatik.
Zer joko duten? Europa mendebaldeko folk dantzaldietan eta geurean ere ohiko diren dantzak (borobila, chapelloise, balts erritmoko kontradantzak, pasodoblea, baltsa, txotisa, mazurka...), Okzitaniako sokak, korro-dantzak (hainbat kantatuak) eta jauziak, Kataluniako dantzaren bat edo beste, momentuan azalduta (jotak, sardanak, joko-dantzak…), baita ere fandango, arin-arin, Lantzeko zortzikoa, jauziak... (geure mugetatik kanpo ere ezagunak folk dantzaldien zirkuituan).
Ikusi hemen aurtengo dantzaldien egutegi osoa
Ikusi hemen iazko dantzaldiko kronika eta argazkiak