Igandean abiatuko dira Herrixa Dantzan dantzaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Herrixa Dantzan 2018ko urr. 22a, 12:34

Ohikoa denez, urriko azken igandean abiatuko dira berriz Herrixa Dantzan dantzaldiak Elgetako Espaloia Kafe Antzokian, 19:00etan. Maiatza bitartean zortzi dantzaldi izango dira, hilean behin. Horietatik hiru, zuzeneko musikaz. Hamargarren denboraldia izango da aurtengoa. Jarraian azalpenak eta egutegia.

Herritarrak dantzan elkartzea du helburu Herrixa Dantzan ekimenak. Are gehiago, herritarrak elkarrekin dantzan ondo pasatzea. Dantzaldi ludikoak dira, beti tradiziozko dantza eta musikaren oinarrian. Dantza soziala.

Animatu nahi duten guztientzako moduko dantzaldiak osatzen saiatzen gara. Neurri handienean jarraitzeko modukoak, eta beharrezkoa denean, azalpen laburrez lagunduta. Menuan aniztasuna dugu gogoko: lotuan, soltean, sokan, korruan, taldeka, elkarrekin jolasean... batzutan goxo, bestetan jolasean, bestetan lasai... Eta dantzaldia aberaste aldera, gustukoa dugu ere ohikoak ez diren dantzak proposatzea, jolaserako kontra-dantzak asmatzea, gutxi erabilitako dantza-generoak baliatzea... Beti, saiatzen gara, zentzuz (edozer ez da balekoa).

Inguru osoko dantzazaleen topaleku dira Espaloiko Herrixa Dantzan dantzaldiak: Debagoien osotik, Debabarrenetik, Durangaldetik eta urrunagoko beste eskualdeetatik etorritako zaleak bildu ohi dituzte. Elgetako Udalak babestu eta laguntzen ditu. Saio guztiak doakoak dira. Sarrera eta parte-hartzea, libre. Espaloiko taberna ez dago martxan momentuz, baina edateko eta jatekoak eramango ditugu.

Hauxe da 2018-2019 ikasturterako egutegia:

  • Urriak 28

  • Azaroak 25

  • Abenduak 7 (ostirala), 20.30: Escamot català (zuzenean) + talo-afaria

  • Urtarrilak 27

  • Otsailak 24

  • Martxoak 24

  • Apirilak 28: Chistian PACHER (zuzenean) 

  • Maiatzak 19: Kantu eta Dantza Eguna (dantzaldia zuzeneko musikaz)

Abenduaren 7an Escamot català taldea izango dugu Espaloian, hirugarrenez. Kataluniatik, zubi-pasa datorren txango ludiko-kulturala, berrogei lagun inguruko dantzari eta musikari taldea. Aurten Iruñea, Elgeta, Durangoko Azoka eta Zarautzen arituko dira, abenduaren 6tik 9a bitartean. Folk dantzaldietan ohikoak direnak emango dizkigute, batzuk ezagunak, beste batzuk ez. Sekulako giroa sortu zuten joan den urteko dantzaldian. Aurrekoetan bezala ere, Eko Taloak ekarriko ditugu (sekulako arrakasta).

Apirilaren 28an zuzeneko beste saio berezia izango dugu, Frantziatik etorritako Christian PACHER-ekin. Lapurdiko Agnes Perez-ekin elkarlanean antolatzen dugu saio hau, berari esker. Aukera ederra da, tradiziozko dantza-moldean, beste doinu eta sonoritate batzuk gozatzeko. Baionan bezperan izango dira, apirilaren 27ean.

Ikasturtea amaituko dugu Kantu eta Dantza Egunarekin. Hau ere ohitura bihurtu dugu. Egun osoko egitarauan, kantu-bazkariaren ondotik, dantzaldia emango dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak