Herritarrak dantzan elkartzea du helburu Herrixa Dantzan ekimenak. Are gehiago, herritarrak elkarrekin dantzan ondo pasatzea. Dantzaldi ludikoak dira, beti tradiziozko dantza eta musikaren oinarrian. Dantza soziala.
Animatu nahi duten guztientzako moduko dantzaldiak osatzen saiatzen gara. Neurri handienean jarraitzeko modukoak, eta beharrezkoa denean, azalpen laburrez lagunduta. Menuan aniztasuna dugu gogoko, estilo eta gustu ezberdinak elkartuta: lotuan, soltean, sokan, korruan, taldeka, elkarrekin jolasean... batzutan goxo, bestetan jolasean, bestetan lasai... Eta dantzaldia aberaste aldera, gustukoa dugu ere ohikoak ez diren dantzak proposatzea, jolaserako kontra-dantzak asmatzea, gutxi erabilitako dantza-generoak baliatzea... Beti, saiatzen gara, zentzuz (edozer ez da balekoa).
Inguru osoko dantzazaleen topaleku dira Espaloiko Herrixa Dantzan dantzaldiak: Debagoien osotik, Debabarrenetik, Durangaldetik eta urrunagoko beste eskualdeetatik etorritako zaleak bildu ohi dituzte. Elgetako Udalak babestu eta laguntzen ditu. Saio guztiak doakoak dira. Sarrera eta parte-hartzea, libre. Espaloiko taberna ez dago martxan momentuz, baina edateko eta jatekoak eramango ditugu.
Hauxe da 2017-2018 ikasturterako egutegia:
-
Urriak 29
-
Azaroak 26
-
Abenduak 7 (osteguna): zuzenean (Escamot català)
-
19.00 – 21:00 Okzitaniako soka, brale eta korru-dantzen tailerra, Joan Codinaren eskutik.
-
21:00 Talo afaria (Eko Taloak)
-
22:00 Gaueko dantzaldia (Escamot català)
-
-
Urtarrilak 28
-
Otsailak 25
-
Martxoak 25
-
Apirilak 22: zuzenean (Duo Godon-Thézé)
-
Maiatzak 20: zuzenean, Jainaga eta Narbaizarekin (Kantu eta Dantza Eguna)
Abenduaren 7an, iaz bezala, Escamot català taldea izango dugu Espaloian. Kataluniatik, zubi-pasa datorren txango ludiko-kulturala, hogei lagunetik gorako dantzari eta musikari taldea. Aurten Iruñea, Elgeta, Donostia eta Baiona hartuko dituzte, abenduaren 6tik 9a bitartean. Folk dantzaldietan ohikoak direnak emango dizkigute, batzuk ezagunak, beste batzuk ez. Sekulako giroa sortu zuten joan den urteko dantzaldian. Iaz bezala ere, Eko Taloak ekarriko ditugu (sekulako arrakasta). Eta afal aurretik, 19:00etan, Okzitaniako soka, brale eta korru dantzak ezagutzeko saioa antolatuko dugu, Okzitaniako dantzetan aditua den Joan Codina Vila-ren eskutik (hau ordainekoa).
Apirilaren 22an zuzeneko beste saio berezia izango dugu, Frantziatik etorritako Gerard Godon (iaz izan genuen geurean) eta Eric Thézé-rekin: Duo Godon-Thézé. Lapurdiko Agnes Perez-ekin elkarlanean antolatzen dugu saio hau, berari esker. Aukera ederra da, tradiziozko dantza-moldean, beste doinu eta sonoritate batzuk gozatzeko. Baionan bezperan izango dira, apirilaren 21ean.
Ikasturtea amaituko dugu Kantu eta Dantza Egunarekin. Hau ere ohitura bihurtu dugu. Egun osoko egitarauan, kantu-bazkariaren ondotik, dantzaldia emango dugu Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin.