Abenduko Herrixa Dantzan saioa berezia izango da. Hileko azken igandean ez dugu dantzaldirik antolatuko (Eguberri eguna izanda). Horren ordez, abenduaren 9an folk dantzaldia emango du Kataluiniako Escamot Català taldeak Espaloia Kafe Antzokian, 20:30etan hasita.
Txangoa antolatu dute Kataluiniatik Euskal Herrira zubi-pasa. Hogei lagun pasa etorriko dira txangoan. Tartean, hainbat talde eta dantzalditan aritu ohi diren musikariak. Eta dantzaldi bana eskaniko dute Iruñean (8an), Elgetan (9an) eta Gasteizen (10ean).
Elgetako dantzaldia, ohi bezala Espaloia Kafe Antzokian izango da. Gaur egun kafe-antzokiko taberna itxita dagoenez, Eko Taloak enpresak edatekoak eta talo goxoak eskainiko ditu 20:00etatik aurrera eta dantzaldia bitartean. Talo benetan goxoak prestatzen dituzte: %100 arto ekologikoz eginda, eta betegarri bereziekin (bakailaua, barazkiak, gazta, txokolatea, txorizoa...).
Horixe da plana, beraz: afari-pasa eta dantza. Talo-dantza.
Berriz ere inguruko dantzazaleen bilgune izango da Espaloia Kafe Antzokia. Azaroko saioan, adibidez, 58 lagun bildu dira dantzara, Debagoienetik, Debabarrenetik, Durangaldetik, eta baita Bilbo eta Donostia aldetik ere etorrita. Oraingoan, baina, ohikoekin Kataluiniatik etorritako dantzariak ere nahastuko dira. Laguntzailea: Elgetako Udala.