Astero ordu eta erdiko saioak emango dira. 18.00etan hastapeneko mailakoak, eta 19.30etan aurreratua. Patxi Monterok jardungo du irakasle. 'Herrixa Dantzan' saioen sustatzailea da bera, eta dantza-irakasle dihardu azken urteotan Debagoieneko hainbat herritan.
Ikastaroetako helburua da Euskal Herriko plazetan ohikoak (eta ez hain ohikoak) diren dantza molde guztiak ezagutzea, eta nahi izanez gero, horietan trebatzea. Hala, landuko dira lotuan egiteko dantzak (pasodoblea, baltsa, polka, schottischa, mazurka, boleroa, habanera, tangoa), solteko dantza (trikitixa, porrusalda, fandangoa, arin-arina), dantza-jauziak, Baztango mutil-dantzak, joko-dantzak, soka-dantzak, ingurutxoak, kontradantzak... hala nola plazetan ohikoak diren hainbat dantza zehatz ere (Baztango zortzikoa, Axuri beltza, Bolant-dantza, Larrain-dantza...).
Jakina, ez guztiak ikasturte bakarrean. Ekimenak harrera ona baldin badu Oñatin, datozen urteetan jarraitu ahal izango dute ikastaro hauek, modu progresiboan sakontzen eta dantza-molde berriak lantzen.
Saio irekia
Irailaren 14an saio irekia egingo du Patxi Monterok Santa Ana antzokian, 19:00etan. Bertan ikastaroetako nondik-norakoak azalduko ditu, baina batez ere probatzeko saio praktikoa izango da. Horrela, interesa dutenek ezagutu ahal izango dituzte ikastaroetako edukiak, metodoa, dinamika eta irakaslea.
Informazio gehiago jasotzeko edo izena emateko Jose de Azpiazu Musika Eskolara jo behar da irailean zehar: 943 78 31 74 edo zuzendaritza@jazpiazumusikaeskola.com