Herrixa Dantzan gidatutako dantzaldiak dira, musika eta dantza tradizional ludikoekin osatutakoak. Dantza gidariak denetariko dantzak proposatu ohi ditu (lotuan, soltean, sokan, korruan, taldeka, bikoteak aldatzen...), eta behar denean, dantza jarraitzeko azalpenak ematen ditu.
Arrasaten 2011ko urrian hasi ziren Herrixa Dantzan saioak antolatzen. Bi ikasturtetan Garaia Berrikuntza Guneko taberna-jatetxean egin ziren, urritik maiatzera hilero. Joan den ikasturtean, erdigunera hurbildu nahian, Uarkape pilotalekuko tabernara ekarri zituzten dantzaldiak. Ikasturte honetan ere bertan egin dira hilero.
Orain, kalera saltoa proposatzen dute antolatzaileek. Halaxe, udaberriko hiru hilabeteotan Biteri plazan egingo dituzte Herrixa Dantzan dantzaldiak, parte hartu nahi duten guztiei irekita. Helburua, elkarrekin dantzan ondo pasatzeko aukera hau herritarrei ezagutarazi eta probatzen eskaintzea.
Bide batez, hasiera bateko egun eta ordutegia ere berreskuratu nahi izan dute. Hartaz, hileko azken ostiralero izango dira dantzaldiak, arratsaldeko zortzietan hasita. Lehenbizikoa, martxoaren 27an.
Biteri plazan ohikoa den zehar-haizetik eta balizko euri txikitik babesteko, plastikoz bilduko dute plazako aterpeko zati bat.