2019an, Gure Eskuk,erreferendum lotesle bat lortzeko bidean, beste erronka garrantzitsu bati heldu zion;Gure Eskuko kide norbanakoetatik harago, helburu horren aurrean, euskal gizarteari zegokion lekua har zezan eskatu zion. 11 GARA ekimena bultzatuz.
Azken 7 urteotan, libre eta demokratikoki erabaki ahal izateko, legezko erreferenduma aldarrikatzen ari gara eta berau lortzeko, urtez urte, urrats berriak ematen aritu gara.
Nor eta zer da Hamaika Gara:
Erreferendum bidez erabakitzearen aldeko atxikimendu eta konpromiso pilaketa masiboa da ‘Hamaika Gara’ egitasmoa. Erabakitzeko eskubidea gauzatzearen aldeko jarrera nagusia ikustaraztea du helburu, eta Euskal Herriko lurraldeetan urrats eraginkorrak ematea.
Gure bizitzetan eta komunitatean eragiten duten auziei buruz erabakitzeko eskubide osoa dugu eta sinetsita gaude indarrak batzen baditugu, lortuko dugula beharrezko tresnak geureganatzea. Horregatik, Gure Esku herri mugimenduaren eta alor anitzetako eragileen arteko elkarlana eta sarea ditu oinarri egitasmoak. Eta era berean, eskaera eskubidearen bidez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan jasotako sinadurak Eusko Legebiltzarrean entregatuko ditugu eta Nafarroan jasotakoak Nafarroako Parlamentuan. Behin sinadura bilketa amaitutakoan, elkarrekin, anbizioz eta epe luzeko begiradarekin emango ditugu hurrengo pausoak.
11 Gara sinadura bilketaren ekimena abiatu berri zela, Covid-19ak eragindako osasun krisiak bete betean harrapatu gintuen. Egoerak hala bultzaturik, ekimena lozorro sakon eta luze batean murgildurik geratu zen gure eskualdean, ekimenaren berri emateko antolatutako hainbat eta hainbat aurkezpen ekitaldi bertan behera geratuz.
Lozorroan bai, baina geldirik ez!! Hemen gaude, ekimena lozorro horretatik atera, hautsak astindu eta martxan jarri gara berriro.
Osasun krisialdi honen eraginak, gure ongizate, erabakitze eskumen eta askatasuna modu garratz, latz eta zuzenean kolpatu ditu. Tamalez eta modurik gogorrenean, gaur, inoiz baino gehiago, gure etorkizunaren eta gure buruen jabe izatearen garrantziaz kontzientzia hartu dugu.
Horregatik hemen gaude eta gure ondoan nahi zaituztegu. Ez dagokigu soilik Gure Esku osatzen dugunoi burujabetzarako bidea marraztea, burujabetza gure etorkizuna libreki idazteko tresna bakarra dela sinesten duten euskal herritar guztion erantzukizuna da. Horregatik, hemendik, debagoiendar eragile guztiak gonbidatzen ditugu maiatzaren 15ean eta 22an bailarako herrietan egingo diren ekitaldietan parte hartzera eta jarriko diren sinadurak biltzeko mahaietara hurbiltzera.
Konplize behar ditugu gure herrietako eragileak, konplize, aliantzak josi eta indarrak batzeko. Bakoitzak bere eremuko norbanakoak burujabetza lortzeko bidean aktibatzeko eta erreferendum lotesle baten alde elkar sostengatzen duen komunitate gisa, gure Herriaren norabidea eta etorkizuna elkarrekin erabakitzeko.
Elkarri babestuz eta elkarlanean gure etorkizunaren jabe izateko bidaia hastera goaz. Bidaia lagun izango zaitugu?
11 GARA HERRI EKIMENA
Altxa. Sinatu. Erabaki.