Gure Esku, azken 6 urte hauetako ibilbidean, beste pauso garrantzitsu bat ematera doa, mota guztietako eragile eta norbanakoekin elkarlanean. Erreferendumaren Aldeko Herri Ekimenaren bitartez, sinadura bilketa masibo baten bidez, alegia, erreferendumak legeztatzeko eskaria egin nahi die erakunde publikoei.
Libre eta demokratikoki erabaki ahal izateko, legezko Erreferenduma aldarrikatzen dugu eta hura lortzeko urratsak ematen hasi nahi dugu.
Erreferenduma zertarako? - galdetuko dute batzuek.
Lehenik eta behin, demokraziaren legezko praktika unibertsala delako eta bestetik izan dezakegun tresnarik eraginkorrena delako.
Bigarrenik, burujabe izan nahi dugulako eta gure Herriaren norabidea eta etorkizuna elkarrekin erabaki nahi dugulako. Hau da, gure bizitzan eta komunitatean eragina duten auzi guztien inguruan erabaki nahi dugu askatasun osoz.
Eta bai, elkarrekin eta elkarlanean egin nahi dugu bidaia hau. Horregatik, eremu askotariko eragile eta norbanakoak bildu nahi ditugu Erreferendumaren Aldeko Herri Ekimena azaltzeko, martxoaren 16an, Kulturateko Areto Nagusian, arratsaldeko 18:30ean egingo dugun aurkezpenean.
Bertan izango ditugu, hurrenez hurren, Gure Esku nazionaleko komunikazio arduraduna eta bozeramalea diren, Jone Amonarriz eta Josu Etxaburu, ekimenaren nondik norakoak azaltzeko eta zalantzak argitzeko prest.
Erreferenduma ez da delitua, erreferenduma bidea da!!!
Batu herritarrok Erreferendumaren Aldeko Herri Ekimenera!!!