Jaso daitezke 'ahobizi' eta 'belarriprest' txapak

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia Elgeta 2020ko aza. 13a, 13:57

Elgetako Euskaraldia batzordea hasita dago txapak banatzen. Aste bukaera honetan egunero izango da mahaia kalean eta hurrengo asteko lanegunetan udal liburutegia izango da banaketa puntua. Eskatzen dute ez uzteko zeregin hori azken egunera arte.

Zazpi egun barru, azaroaren 20an, emango diogu hasiera Euskaraldiaren bigarren edizioari. Euskal Herriko punta batetik bestera ehunka batzorde antolatu dira. Zalantzarik gabe, egoerak baldintzatutako Euskaraldia izango da, eta prestaketa hilabeteotan ez dugu aurreko edizioan besteko presentziarik izan kalean. Ez zen egokiena. Baina ariguneen identifikazioa, ahobizi-en eta belarriprest-en izen-ematea eta, orain, txapen banaketa aurrera doaz.

Azken datuen arabera, 149 elgetarrek eman dugu izena Euskaraldian: 130 ahobizi eta 19 belarriprest. Izen-emateak zabalik jarraituko du hilaren 19ra arte. Konpromisoa da azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean txapa soinean eramatea, eta euskarazko hartu-emanak lehenestea: lehen hitza euskaraz beti, belarriprest direnei ere euskaraz egin, nahiz eta haiek, tarteka, erdaraz erantzun, hizkuntza ikasten ari direlako...

Gogoratu aurreko edizioan parte hartu izandakoek ere berriz eman behar dutela izena aurten. Azkar eta erraz egin daiteke, Euskaraldia.eus atarian, Euskaraldia aplikazioarekin edo Euskaraldiaren QR kodearen bidez. Batzordean ere laguntzeko gaude, elgeta@euskaraldia.eus helbidean.

Txapak, bestalde, azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean eraman behar dira soinean, ariketa egunekin lotzeko zuzenean. Aurten ere ikerketa bat egingo da Euskaraldiaren eragina neurtzeko. Soziolinguistika Klusterrak egingo du, ahobizi-ei eta belarriprest-ei posta elektroniko bidezko bidalitako hiru inkestaren erantzunak aztertuta. Neurtuko dira parte hartzaileen hizkuntza ohiturak Euskaraldiari hasiera eman aurretik, bitartean eta amaitu ostean.

 

Txapak noiz eta non jaso, Elgetan

Barikua, hilak 13
- 15:30 Plazan egongo da mahaia, bi orduz.

Zapatua, hilak 14
- 11:00 Plazan egongo da mahaia, bi orduz.

Domeka, hilak 15
- 11:00 Plazan egongo da mahaia, bi orduz.

Astean, hilak 16-20
- Udal Liburutegian eska daitezke txapak, zerbitzuaren ohiko ordutegian. Euskaraldian izena eman behar da txapa jaso ahal izateko.

Euskaraldiaren banderatxoak salgai

5 eurotan daude salgai, eta Euskaraldia girotu eta etxeetako leihoak eta balkoiak kolorez janzteko dira. Topaguneak esan du salmentatik jasotako dirua elkartasun kutxa bat sortzeko izango dela, Euskaraldia eta halako egitasmo estrategikoak bultzatzeko. 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak