2018an ahobizi edo belarriprest izan bazineten aurten ez duzue berriz izena eman beharko. Mezu elektroniko bat jasoko duzue asteotan kontaktu moduan emandako helbide elektronikoan eta izenematea berretsi besterik ez duzue egin beharko. Eta rola aldatzea nahi baduzue –ahobizi edo belarriprest–, hori ere egiteko aukera izango duzue.
Gainerakoek online eman dezakezue izena edo aurrez aurre barikuan, urriak 16, herriko plazan jarriko dugun mahaira gerturatuta. Bertan izango gara 18:30etik 21:00etara izenemate berriak egiten laguntzeko zein zuen galderak erantzuteko. Euskaraldiko materiala ere salgai izango dugu.
Hemeretzi 'arigune' Elgetan
Ariguneak dira Euskaraldi honetan berrikuntzetako bat. Elgetan hemeretzi izango ditugu: Baobeer garagardo artisaua, EH Bildu Elgeta, El Rincon de Lola jatetxea, Elgetako Herri Eskola, Elgetako kontsumo taldea, Elgetako liburutegia, Elgetako udala, Elgetan berbetan, Elkoro botika, Faka-faka, Goibeko euskaltzaleen topagunea, Haizea taberna, Herrixa dantzan, Intxortako Ahuntzak trail, Julianen kioskoa, Maala guraso elkartea, Ozkarbi elkartea, Pilates eta zumba taldeak, eta Saioa masajeak.
Batzorde irekia, hilaren 27an
Euskaraldiaren etorrera prestatzen jarraitzeko batzar irekia deitu dugu hilaren 27rako, martitzena. Euskaraldia batzordea Ozkarbi elkartean elkartuko da, 19:00etan. Gonbidatuta zaudete. Ezarritako protokoloa eta segurtasun neurriak bete beharko dira.
Harremanetarako: elgeta@euskaraldia.eus