Herriaren alde lan egiteko prest!

Erabiltzailearen aurpegia Eskoriatzako EH Bildu 2019ko eka. 15a, 15:57

Ehbilduko zinegotziek Eskoriatza hobe baten alde kargua hartu dute.

EH Bilduko hautagaitzaren izenean, eta zehazki, gure izenean: Ander, Dorleta, Nestor eta nirean, eskerrak eman nahi dizkizuegu gure aldeko hautua egin duzuen eta babesa adierazi diguzuen herritarroi.

 

Askotan esan dugu, udala ez dela alderdi bati edo besteari botoa eman diotenena soilik; herritar guztiona izatea nahi dugu, herritarren eta eragileen parte hartzea sustatuko duten neurriak abian jarrita. Herritarrekin harreman zuzena eduki nahi dugu, udal politiketan zuzenean inplika daitezen.

 

Gardentasunez egingo dugu lan, denon dirua zertara bideratzen den eta nola kudeatzen den jakiteko eskubidea dute herritarrek. Eskubide horren aldeko konpromisoa hartzen dugu.

 

Gure lehentasuna herritar guztien ongizatea bermatzea da. EH Bilduren ustez, horrek egon behar du erakunde guztien politika publikoen erdigunean. Bazterrean daudenen aldeko jarduna izango da gurea, horretara bideratuko ditugu gure zerbitzuak, murrizketa sozialik egon ez dadin eta bizitza duinerako eskubidea berma dadin.

 

Eta horretarako proiektu aurrerakoi, independentista, feminista eta euskaltzalea daukagu. Proiektu hori da herritarren esku jarri nahi duguna, herri bizi eta bizigarria eraikitzeko, zuekin batera eztabaidatu eta zuen partaidetzarekin erabaki nahi duguna.

 

Herritar guztiak kontuan hartuta lan egin nahi dugu, nola ez, arrazoi politikoengatik urrun edo espetxean daudenak ere aintzat hartuta. Guk HERRIAN eta Euskal Herri osoan, demokrazian sakontzeko eta guztion eskubide zibil eta politikoak bermatzeko lan egingo dugulako.

 

Amaitzeko, lanerako konpromisoz, maiatzean lortutako emaitzak egiaz emankorrak izateko, elkarlanean aritzeko prestutasuna agertzen dizuegu udalbatza honetako hautetsiei eta herritar guztioi.


Eskerrik asko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak