EAJ-PNVren alkategai den Maria Ubarretxenak gizarte zerbitzuak hizpide izan ditu gaur eguerdian Iturbide egoitzan egindako agerraldian, udal-hauteskundeetarako zerrenda kideak lagun zituela. Ubarretxena alkategaiak aurreratu duenez, datorren legealdian Iturbide egoitzan bertan nagusientzako arreta zerbitzu berri bat martxan jartzeko asmoa du alderdi jeltzaleak. “Esfortzu handia egin dugu agintaldi honetan Arrasaten gizarte zerbitzuak bermatzeko eta pertsona nagusien ongizatea zaintzeko, eta aurrerantzean ere bide beretik jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu”, azpimarratu du. Esfortzu hori “aitortua” izan dela esan du Ubarretxenak, biztanleko inbertsioei dagokionez estatuko hirugarren herria delako Arrasate.
Datorren agintaldiari begira, EAJ-PNVk gizarte zerbitzuetan duen proiektu “sendoetako bat” azaldu du Maria Ubarretxenak. “Iturbide egoitzan hutsik dagoen gune bati irtenbide aproposa eman nahi diogu mendekotasun maila txikia duten pertsonak artatzeko”. Eguneko zentro honek 30 pertsonendako lekua izango luke eta udal eskumenekoa izango litzateke. “Une honetan Arrasaten ditugun eguneko zentroak ez dira udal eskumenekoak, baizik eta aldundiarenak”, zehaztu du. 315 metro koadroko azalera du guztira espazioak eta EAJ-PNVren proposamenaren arabera, areto handi bat, erabilera anitzeko gela bat, bulego bat eta harrera izango lituzke. “Herriaren erdigunean kokatuta dago eta lekua egokia da. Iturbide zentroaren alboan egoteak aukera ematen du bi zentroen artean sinergiak sortu eta materialak elkarbanatzeko”, nabarmendu du Ubarretxenak. Arrasatek horrelako zerbitzu bat behar du,
Ildo honetan, eguneko zentroaz haratago, Maria Ubarretxenak azpimarratu du gizarte zerbitzuei lotutako hainbat ekimen eta proiektu berri dituztela esku artean datorren agintaldiari begira. “Kontuan izan behar dugu Arrasateko biztanleriaren laurdena 65 urtetik gorakoa dela eta horietatik 1.449 pertsonek dutela dependentziaren bat”, zehaztu du Ubarretxenak. Hori dela eta, EAJ-PNVk “apustu sendoa” egin nahi du mendekotasunaren arretan. Hain zuzen ere, une honetan Arrasaten existitzen ez den zaintza zerbitzu berri bat proposatzen du Maria Ubarretxenak: “Etxez-etxe pertsona nagusien zaintzaz arduratuko den zerbitzu bat datza, zaintzaren ardura duten familien unean uneko premiak asetzeko”, eta gehitu du “jada hainbat herri eta hirietan badago zerbitzu hau, eta garaia da Arrasaten ere martxan jartzeko”.
Era berean, azken lau urteetan Arrasaten abian jarritako hainbat proiektu azpimarratu ditu hautagai jeltzaleak agerraldian. “Pertsona nagusien diagnosi soziala eta orokorra egin da, baita hauskortasuna duten pertsonen gaineko lanketa ere, pertsona nagusien etxeetan suteen kontrako gailuak jarri ditugu eta Elikagai Bankua martxan jarri da”. Halaber, Ubarretxenak drogomenpekotasunarekin zerikusia duten bi zerbitzu berri aipatu ditu: “Kale hezitzaileen programa bikoiztu egin dugu eta San Juan de Dios ospitalearekin elkarlanean aritu gara”.
Errespetua, kanpainaren oinarri
Hautagai jeltzaleak errespetua eskatuz amaitu du bere agerraldia. “Kanpainaren azken astean gaude eta errespetua eskatzen dugu, bai alderdi guztientzat baita alkategai guztientzat ere”. “Errespetua izan behar da kanpainaren oinarria”, esanez amaitu du Ubarretxenak.