A11 Greba orokorra. Etxebizitzaren negozioarekin amaitzeko unea da

Erabiltzailearen aurpegia Deba Bailarako Etxebizitza Sindikatu Sozialista

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik, langile klasea antolatzeko eta borrokara batzeko unea dela uste dugu, etxebizitzaren negozioarekin benetan amaitzeko eta hau eskubide bermatu bat izan dadin borrokatzeko unea.

Etxebizitzaren auzia, langile-klasearentzako arazo larriena bihurtu da, honetara sarbidea guztiz baldintzatuta baitago langileen diru-sarrerengatik. Horren adibide argiak dira etengabe igotzen diren alokairuen eta etxebizitza salmentaren prezioak, langileon soldata guztiz debaluatuta dagoelarik. Debagoienean argi ikusten ditugu ondorio hauek, baita ere miseriazko baldintzetan bizi diren familiak edota alternatiba gabeko etxegabetzeak sufritzen dituzten pertsonak.

 

Egoera honen aurrean, etxebizitzaren problematikak alderdi guztien kanpainan zentralitatea hartu du. Argi utzi dute instituzio guztietako alderdiak ezgai direla merkatuaren logikatik at konponbideak pentsatu eta martxan jartzeko. Zentzugabea da etxebizitzaren negozioak sortzen duen arazoari erantzuteko, negozioa indartzen duten neurriak hartzea. Horretaz aberasten ari direnei erraztasun eta onura fiskal are gehiago jarriz, eta gainera hori konponbide eraginkor bat bezala saltzera heldu dira.

 

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik, langile-klasea antolatzeko eta borrokara batzeko unea dela uste dugu, etxebizitzaren negozioarekin benetan amaitzeko eta hau eskubide bermatu bat izan dadin borrokatzeko unea, hain zuzen. Erreformismotik eta elektoralismotik independentziaz antolatutako langile klaseak bakarrik egin diezaiokelako aurre etxebizitzaren auzian bizi dugun egoerari.

 

Honen aurrean, Euskal Herriko etxebizitza sindikatuok, eta gehiengo sindikalak Greba Orokorra deitu dugu azaroaren 11rako. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik hiru aldarri nagusi jartzen ditugu mahai-gainean:

  • Espekulatzaile eta errentistak espropiatzea
  • Espekulazioa eta errentismoa debekatzea
  • Etxebizitza behar sozialen arabera planifikatzea

 

Izan ere, merkatuaren menpe dagoen etxebizitzaren eredu honetan pertsona batzuk besteen kontura aberasten dira. Espekulatzaileek etxebizitzak erosten dituzte ondoren garestiago saldu edo alokatzeko, beraien irabaziak biderkatuz. Aldiz errentistek, langileon soldataren zati bat lapurtzetik lortzen dituzte euren diru-sarrerak eta hortik bizi dira, etxebizitzaren arazoa negozio iturri bezala erabiltzen. Horrela aberasten dira bizkarroi hauek, eta gure bideorria, hauen jardunarekin bukatzea eta espekulaziorako erabiltzen den jabetza guzti hori langile klasearen kontrolpean egotea izan behar du.

Azkenik, etxebizitza sistema honen aurrean, langileen behar sozialak kontutan hartuta planifikatzea aldarrikatzen dugu. Etxebizitza eta baliabide guztien antolaketa arrazionala behar da, behingoz merkatuaren menpe egoteari uzteko.

 

Horrela, Debagoienako Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik eskualdeko Greba egunerako egitarauetara batzeko eta kaleak hartzeko deia egiten dugu.

 

Antolatu eta borrokara batu!



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak