Etxebizitzaren auzia, langile-klasearentzako arazo larriena bihurtu da, honetara sarbidea guztiz baldintzatuta baitago langileen diru-sarrerengatik. Horren adibide argiak dira etengabe igotzen diren alokairuen eta etxebizitza salmentaren prezioak. Mari Carmenen etxegabetzeak hautsak harrotu ditu, kaleetan mobilizazio masiboak ekarri ditu eta testuinguru honen baitan Estatuko hauteskundeak aurreratu egin dira.
Egoera honen aurrean, etxebizitzaren problematikak alderdi guztien kanpainan zentralitatea hartu du. Argi utzi dute instituzio guztietako alderdiak ezgai direla merkatuaren logikatik at konponbideak pentsatu eta martxan jartzeko. Zentzugabea da etxebizitzaren negozioak sortzen duen arazoari erantzuteko, negozioa indartzen duten neurriak hartzea. Horretaz aberasten ari direnei erraztasun eta onura fiskal are gehiago jarriz, eta gainera hori konponbide eraginkor bat bezala saltzera heldu dira.
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik, langile klasea antolatzeko eta borrokara batzeko unea dela uste dugu, etxebizitzaren negozioarekin benetan amaitzeko eta hau eskubide bermatu bat izan dadin borrokatzeko unea, hain zuzen.
Honen aurrean, Euskal Herriko etxebizitza sindikatuok, eta gehiengo sindikalak Greba Orokorra deitu dugu azaroaren 11rako, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik hiru aldarri nagusi jartzen ditugu mahai-gainean:
- •Espekulazioa eta errentismoa debekatzea.
- •Espekulatzaile eta errentistak espropiatzea.
- •Etxebizitza behar sozialen arabera planifikatzea.
Izan ere, merkatuaren menpe dagoen etxebizitzaren eredu honetan pertsona batzuk besteen kontura aberasten dira. Espekulatzaileak etxebizitzak erosten dituzte ondoren garestiago saldu edo alokatzeko, beraien irabaziak biderkatuz. Aldiz errentistak, langileon soldataren zati bat lapurtzetik lortzen dituzte euren diru-sarrerak eta hortik bizi dira, eskubidea izan beharko lukeen etxebizitzarekin jolasten. Horrela aberasten dira bizkarroi hauek, eta gure bideorria hauen jardunarekin bukatzea eta espekulaziorako jabetza guzti horiek langile klaseari ematea izan behar du.
Azkenik, etxebizitza sistema honen aurrean, langileen behar sozialak kontutan hartuta planifikatzea eskatzen dugu. Etxebizitzak izaera soziala eskuratzea eta behingoz merkatuaren menpe egoteari uztea.
Horrela, Deba bailarako Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik Arrasaten eta bailarako beste herrietan asanblada irekiak aurrera eramaten ari gara.
Antolatu eta borrokara batu!

