Konposta egitea ez du misterio handirik

Erabiltzailearen aurpegia Baratze Parke Sarea-Kimu Bat 2021ko ots. 24a, 16:30
Bada jada urte bat edo beste konpostatzearekin eta horrekin lotutako gaiekin polemika handia sortu zela. Herrialde honetan askotan gertatzen den moduan, gai hori politizatu egin zen eta bazirudien zure ideologiaren arabera alde edo kontra egon behar zenuela. 
Nire ustez, oso akats larria da edozein gai bide horretatik eraman eta arrazoi teknikoak albo batera uztea; hauek baitira kontuan eduki beharko genituzkeenak. Artikulu honen helburu nagusia hori izanik, ea baliagarria zaizuen. 
 
Lehenik eta behin, konpostatzea zer den azaldu nahiko nuke. Definizio ezberdin asko aurkituko ditugu, baina, labur eta erraz azalduz, jatorri organikoa duen edozein materialen deskonposizioa da, oxigenoaren eta izaki bizidun ezberdinen laguntzarekin – intsektu, bakterio…–, ondoren ongarri moduan erabili daitekeena. 
 
Bizitzaren zikloa 
Materia organikoa edozein izaki bizidun edo bere eratorriak dira; hau da, hildako animaliak, hostoak, simaurra, gure ilea, hildako zuhaitzak… Noizbait bizirik egon denaren edozein zati. Beraz, gu geu ere materia organikoa gara eta denborarekin konpost bihurtuko gara; espero dugu hemendik denbora askora izatea hori! 
 
Jakin beharra dugu gure basoen eta larreen biziraupenerako konpostatzearen prozesua oinarri-oinarrizkoa dela; konpostatzerik gabe bizitzarik ez litzatekeela egongo gure mundu honetan. 
 
Hiltzen diren izaki bizidun guztiak –animalia, landare…– eta beraien hondarrak – hostoak, gorotzak…– konpost bihurtzen dira denborarekin, batzuk azkarrago beste batzuk baino. 
 
Sortzen den konpost hori da gure landareek behar-beharrezko dutena elikatzeko. Halakorik gabe bizitzaren ziklo deitzen diogun hori ezingo litzateke burutu, eta bizitzarik ez litzateke existituko. 
 
Aurretik aipatutakoa kontuan harturik, ohartu zaitezte orain dela gutxira arte zer egin izan dugun baratze partikular zein profesionaletan edo baita lorategi edo produkziora bideratutako basoetan: bertan sortzen ditugun landareak jan edo produkziorako erabiltzen ditugu eta bertatik sortutako soberakinak eta gure gorotzak zabortegira doaz. Eta ondoren, nola ongarritu izan ditugu landare horiek? Ongarri kimikoak erabiliz. 
 
Beraz, laburbilduz, ongarritzeko oso aberatsa  den materia organiko hori zabortegira eta petroliotik eratorritako ongarriekin ongarritu ditugu gure baratzeak. Ez al da aldrebeskeria handi samarra? Bide egokitik al goaz modu honetan? Ni ezezkoan nago. 
 
Errazegia ematen du 
Inoiz ohartu al zarete sortzen dugun zaborraren zein portzentaje den organikoa? Ba, badirudi %40 baino gehiago dela. Eta zenbat hondar begetal sortzen diren lorezaintzan, basoan eta nekazaritza lanetan? Hori guztiori kalitate handiko konpost bihurtu daiteke, eta, ondorioz, bi arazo ekidin: alde batetik, zabortegietara bota beharreko materiala izugarri gutxitu eta erraustegiak beharrezkoak ez direla erakutsi; eta, bestetik, ongarri kimiko sintetikoekiko dugun lotura hori moztu. 
Beraz, hona hemen paradoxa… Hain helburu garrantzitsuak lortzeko, norberak egin beharrekoa oso modu errazean egin dezake. Etxean sortzen ditugun hondar organikoak aparteko poltsa batean banatuta jarri eta herrian dugun edukiontzi marroira edo konpost-gunera eraman. 
 
Ondoren, ditugun konpost instalazioetan konpostatze prozesu oso erraz eta merke baten bidez konpostatu ondoren lorategietan, baratzeetan, eta abarretan erabili ahal izateko. Zabortegiekin edo erraustegiekin alderatuz gero izugarrizko aldea dago. 
 
Besterik ez. Errazegia ematen du, ezta? Ba, horrelaxeko erraza da… Ez du misterio handiagorik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak