'Poliki-poliki ikasten da' Baratzerako trikimailuak

Erabiltzailearen aurpegia Baratze Parke Sarea-Kimu Bat 2020ko aza. 24a, 16:52
Testua: AITZIBER OTEGI

Aurreko astean, Kutxa Ekoguneko Baratze Parke Sarean zehar lanabesak banatzen aritu nintzen. Aitzur kulunkaria izan zen banatu nuen horietako bat. Ez da lanabes ezaguna, baina lurra harrotu eta belar txarrak kentzeko oso praktikoa den lanabes bat da; betiere, lurra gogortuta ez badago. 
 
Normalean, aitzurrarekin egin izan dut lan hori, baina, egia esan, lanabes hori erakutsi zidatenetik jabetu naiz zein garrantzitsua den zein lanetarako zein erreminta erabili jakitea. Neke eta bizkarreko min asko baztertzen ditu, eta, noski, denbora aurrezten laguntzen du. 

Ikasi ere presaka egiten dugu 
Zenbatetan gertatu zaigu –bai baratzean bai beste edozein arlotan– lan bat modu zehatz batera eta lanabes batekin egiten aritu ondoren, eta ia bukatu dugunean, egiteko beste modu bat irakastea? Ez zaizue halakoetan tonto aurpegia gelditzen? Eta esaten diogu geure buruari: "Hori jakin izan banu, honezkero hamaiketakoa egiten izango nintzen. Tortilla pintxo bat eta kafetxo bat, ia izerditu gabe eta besoko minik gabe...". Askotan, ezta? 

Zergatik zerbait berria egiten hasi aurretik ez diogu dakien bati galdetzen? Ez al digu, ba, denbora eta haserre asko aurrezten lagunduko? 
Esango nuke azken urteetan irakasten uztearen ohitura galtzen ari garela. Lehen, lanbide bat ikasten ari zen ikasle hori bere tutorearekin lanean aritzen zen, lanbidearen nondik norakoak ondo ikasi arte. Urteetan zehar eta denbora asko hartuz horretarako. 

Azken urteetan, aldiz, lanean hasi orduko, bi gauza azaldu eta norberak moldatu behar du ahal den gutxiena galdetuz, bestela lankideei denbora baliotsu hori kenduko dielakoan. 
Baratzeetan ere berdina gertatzen da. Inoiz baratzean aritu ez dena, normalean, bere kasa hasi ohi da, liburuetan eta Interneten begiratuz dudak. Egia da modu honetan ere uste baino hobeto moldatzen direla, baina berriro ere indibidualtasunerantz goaz. Baratze Parkeetan kontrakoa bultzatzen saiatzen gara. 

Dakitenengandik ikasi 
Hasiberriak direnei ikastaroak emateaz gain, dituzten dudak argitzen eta gai konkretuei buruz aholkatzen saiatzen gara. Furgobaratza zerbitzuaren bidez edo baratzeetara bisitak eginez egiten dugu lan hori. 
Baratze horietan elkartearen figura indartzen saiatzen gara. Elkarteek baratzeetan egin beharreko askotariko lanak koordinatzen eta burutzen dituzte, eta, horrekin batera, elkarren arteko loturak indartzeko aukera polita ematen dute. 

Beti izan ohi da baratzeaz gehiago dakien norbait, eta modu polita izaten da batak besteari dudak galdetu eta laguntzen saiatzeko. Hala eta guztiz ere, askotan, norbait zerbait beste modu batera egin dezakegula esatera etortzen bazaigu, gaizki hartzen dugu... Gure burbuila mundu hori apurtzera etorriko balitz bezala. 

Ireki gaitezen zertxobait dakienari entzutera eta, modu horretara, lagun berriak egitera. Egia da beti egon ohi dela ezer ez jakin eta dena erakutsi nahi duen horietakorik... Baina horiei antzeman bezain pronto, "bai, bai" esan, eta lehen egiten ari zinen berdina egiten jarraitu eta listo. Ez da horren zaila izaten. 

Baratzean baserritarrak maisu 
Beste askok, berriz, esango dute informazio hori Interneten edo Youtuben lortu ahal dugula. Pandemiaren gai honekin, inoiz baino gehiago ohartu gara emozioen alorrean ongi egoteko zein garrantzitsuak diren giza harremanak, eta, nahiz eta Internetek eta bideo-deiek bakardade hori samurtzen laguntzen duten, ez da inoiz berdina izango. 

Beraz, utz gaitezen irakasten. Gaiaz dakiten horiek lagunduko digute eta, aldi berean, gertutasuna emango digute. Eta baratzearen kasuan, irakaslerik hoberena zein izango litzatekeen galdetzen badidazue, ez nuke duda handirik egingo: baserritarrak. 

Urteetan zehar gure baratzeak zainduz ibili diren horiek. 
Izan gaitezen beraien follower-ik sutsuenak!
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak