MARTXOAK 8: DENON BIZITZAK ERDIGUNEAN!

ZAINTZAK IRAULI DENA ERALDATZEKO!

Martxoaren 8a ate joka dugu eta, aurtengoa, zaintzen inguruko kontzientziazio terminoetan, jendartean inflexio-puntu bat sortzeko funtsezko unea izango da. Feminismotik hasi berri dugun prozesu baten abiapuntua, alegia.

Lau urte igaro dira azken Greba Feministan planto egin eta bizitzak erdigunean jartzeko  beharra aldarrikatu genuenetik. Ordutik, Covid19ak eragindako izurrite testuinguruak, sistema honen dimentsio ezberdinetako krisiak azaleratu ditu. Beste askoren artean, aspalditik datorren zaintza krisia argitara atera du.

Baina zaintza krisiak aurpegi ugari ditu. Egun, oraindik eta gehien bat, emakumeak* gara zaintza sostengatzen dugunak, horrek dakarren gainkarga, lan bikoizketa, prekarizazio eta baldintza desorekatu guztiekin. Eta krisi honek oraindik eztanda egin ez badu, etxeko langileen esplotazioaren ondorioa da; lan baldintza prekarioetan, desaraututako sektore batean, Atzerritartasun Legeak bultzatutako irregulartasun eta diskriminazio egoeran …  Ondorioz, krisi sozialaren areagotzean sakonduz.

Honek guztiak, zaintza eskubide kolektibo baten alde egitera bultzatzen gaitu. Horregatik, Mugimendu Feminista berriz aktibatuz, egungo zaintza  erregimen kapitalista eta patriarkala eraldatzeko, zaintzak erantzukizun sozial bihurtzeko eta bide honetan aliantza sendoak eta agerikoak sortzeko, mobilizazio prozesu bati ekin diogu. Epe luzerako aurreikusten dugun prozesu honetan, lehen mugarri gisa Martxoaren 8a markatu dugu.

Euskal Herrian eta Euskal Herritik, Arrasaten eta Arrasatetik, ZAINTZAK IRAULIz DENA ERALDATZEKO, elkarrekin, kolektibotik egingo dugu. Aurtengo martxoaren 8an ere, erdigune eta bazter guztiak hartuko ditugu.

Bi hitzordu garrantzitsu ditugu kontuan hartzekoak:

Goizean, Arrasateko neska* gazteak eta Ikamak antolatu duten ELKARRETARATZEA: Herriko Plazan, 11:15ean. 

Arratsaldean, Arrasateko Mugimendu Feministak deituta,19:00etan, Biteri plazatik abiatuko den MANIFESTAZIOA.

(Ibilbidea honakoa izango da: Biteri- Garibai- Abaroa- Kontzeziñoko biribilgunea- Nafarroa Etorbidea- Mankomunitateko biribilgunea- Aprendices kalea- Txaeta kalea- Zalduspe kalea - Nafarroa Etorbidea- Mankomunitateko biribilgunea- Etxetxikiak kalea- Gipuzkoa etorbidea- Maalako biribilgunea- Otalora lizentziaduna- San Frantzisko biribilgunea- San Frantzisko kalea- Seber Altube- Biteri.)

Beraz, datorren martxoaren 8an kaleak eta plazak hartzera animatzen ditugu emakume* guztiak.

ZAINTZAK IRAULI DENA ERALDATZEKO!

Euskal Herri feminista, antikapitalista eta antiarrazista eraikitzera goaz, GORA BORROKA FEMINISTA!

 -Arrasateko Mugimendu Feminista-

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak