Gure pribilegio zuriari buruz kontzientzia hartzeko eta barneratuta dugun arrazakeria deseraikitzen hasteko barne hausnarketa antolatuko dugu Arrasateko mugimendu feministak datorren maiatzaren 15ean. Emakume Mundu Martxako V. Ekintzaren baitan Euskal Herriko emakume* migratu eta arrazializatuek prestatu duten materialari buruz hausnartzeko lehenengo saioa izango da.
Baina zer da pribilegio zuria eta deskolonialitatearen gai hau? Azken urteetan indarra hartu duen gaia da Euskal Herriko Jardunaldi feministetan feminista zuriok interpelazio zuzena jaso genuenetik, baina gaia ez da berria, feminismo dekolonialak eta feminismo beltzak (bi mende baino gehiagoko) ibilbide luzea du. Urteak dira hainbat autore arrazializatuek adierazi digutela, sexu-genero ardatzaz haratago, badaudela gorputz ezberdinak zeharkatzen dituzten ardatz gehiago, hala nola, klasea, arraza, kapazitismoa, adina, sexua, generoa, etab. Eta arrazakeria eta kolonialismoa begiratu ezean, sexu-generoari buruz egiten ditugun hausnarketak ez dituztela gorputz guztiak kontutan hartuko eta beraz, baztertzaileak izango direla.
Adibide txiki batzuk jartzearren, mugimendu feministako emakume* zuriok kristalezko sabaiari buruz hitz egiten dugunean gure lantegietan edo etxeetan garbiketa lanetan dauden emakume* migratuen kristalezko sabaiari erreparatzen al diogu? Gure gorputzen jabe eta nahi bezala jantzi gaitezkeela adierazten dugunean, emakume* musulmanez ere aritzen al gara? “Emakume* euskaldunak” esaten dugunean bertan mendeetan bizi diren emakume* ijito euskaldunak ere irudikatzen ahal ditugu?
Gizonezkoei beraien gizon pribilegioa deseraiki behar dutela esaten diegun moduan, emakume* zuriok ezinbestean gure pribilegio zuriaren kargu egin beharrean gaude. Horretarako saio bakarra ez da nahikoa izango, lau autore dekolonial irakurtzea edo pare bat pelikula/dokumental ikustea izango ez den bezala. Baina bidea egiteko konbentzimendua baldin badugu lehen urratsa hasi ezean ezin bidea egin. Hau lehenengo urrats bat da, gure ezjakintasun guztiarekin hasi beharreko bidea. Material potentea dugu esku artean eta etxerako lanak egiten ez hasteko aitzakia gutxi, beraz, animatzen zara gurekin bidea hastera? Elkarrekin ikasiko dugu, ez dago aditurik, gure tripetara begiratu eta zer ikusten dugun baino ez, eta elkarrekin begiratzen ikastea da gure asmoa.
Zatoz, maiatzaren 15ean, larunbatean, goizeko 10:30etatik 13tara Kulturateko Areto Nagusira. Aforo kontuengatik izen ematea egitea garrantzitsua da: pribilegiozurialantzen@gmail.com
Mila esker!
Bertan egingo dugu topo.
(Oharra: pribilegio bat baino gehiago duenari, bidea egiten hasi ez bada, etxerako lanak pilatuko zaizkio)