M8ko greba: Zein da gizonen papela greba feministan?

Erabiltzailearen aurpegia Arrasateko M8 Plataforma 2019ko urt. 28a, 18:19

Emakumeok gaude deituak grebara, baina gizona bazara eta greba babestu nahi baduzu, martxoaren 8an zure lehentasuna zaintza lanez arduratzea da eta EZ mobilizazioetan parte hartzea.

Emakumeok gaude deituta grebara, baina martxoak 8an ez dugu kapitalaren erreprodukziorako jarduerarik nahi. Beraz, gizona bazara eta greba babestu nahi baduzu, soldatapeko lana utzi norberaren eginkizunetarako egunak erabiliaz eta negozio propioa baduzu ateak itxi.

Emakume, bollera eta transak greban gaudenez gizonak etxeko eta zaintza lanez arduratu behar dira. Ondoren azalduko dira etxeko eta zaintza lanez arduratzeko moduak. Gizona bazara zaintza lanez arduratzea da lehentasuna, eta ez mobilizazioetan parte hartzea.

Etxeko eta zaintza lanez arduratzeaz eskatzen dizugu, baina mobilizazioetan parte hartzen baduzu, gogoratu emakumeon* protagonismo eta bisibilizazioa ezinbestekoak direla. Gizon moduan, hori ahalbidetzea dagokizu, jar zaitez atzeko aldean, agindu edo azalpenik eman gabe.

Hemen doa, martxoaren 8an etxeko eta zaintza lanez arduratzeko eta greba bultzatzeko gizonentzako gida:

• Aita bazara zure seme-alabez arduratu eta eztabaida sustatu, zein ikasle greba ahalbidetu (guraso elkartean, eskolan...).

• Laguna bazara, zure lagunen umeak zaindu ditzakezu.

• Lankidea bazara, lantokian emakumeon* greba zabaltzeko, babesteko, zerbitzu minimoak egiteko edo emakume* lankideen lana egiteko eskaini ahal duzu zure burua. Eguneko soldata mugimendu feministari eman diezaiokezu, edo lantokian emakumeon* grebarentzat erresistentzia kutxa antola dezakezu.

• Enpresako nagusia bazara, enpresa itxi eta beharrezkoa bada zaintza kolektiborako espazioa irekitzea ahalbidetu.

• Ikaslea edota irakaslea bazara, eskolara joango ez diren emakume* ikaskideak eta ikasleen lanuztea babestu eta eskolak zaintza komunitariorako espazio bilakatu.

• Zure familian, elkarbizitza taldean edo inguru afektiboan zaintza behar duenik badago, has zaitez egun horretatik aurrera ohituraz emakumeok* betetzen dugun lan horretaz arduratzen.

• Zaintza komunitariorako espazioak autonomoki sortu (lantegietan, eskoletan, gaztetxeetan, e.a.). Gizonek ardura hartu behar dute, helburua ez da emakumeon* laguntzaile izatea.

• M8rako antolatzen diren bazkari herrikoietan e.a. lana egiteko zure burua eskaini.

• Zure inguruko norbait zaintzeko soldatapeko emakume bat badago (haur, adindun, bizilagun e.a.) zure burua eskaini egun horretan lan egiteko.

• Emakume* batekin harreman sexu-afektiborik baduzu, martxoaren 8an kalean egoteko behar duen laguntza guztia emaiozu.

• Zabaldu mezua zure lagun eta talde guztien artean. Militantea bazara, eraman zure eremu politikora.

• Ez kontsumitu. Batu zaitez kontsumo grebara.

• Greba egunaren aurretik eta ondoren beste gizonezkoekin bildu zaitezke, maskulinitateen inguruan elkarrekin hausnartzeko, lan pertsonala eta kolektiboa egiteko, zuen pribilegioez kontzientzia hartzeko eta menderakuntzarik gabeko jendartea lortzeko bidean pausoak emateko.

 

GREBA FEMINISTA BABESTEN ARI BAZARA,

ZURE LEKUA ETXEKO ETA ZAINTZA LANETAN DAGO!

 

 EUSKAL HERRIKO MUGIMENDU FEMINISTA

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak