Arrasateko M8 plataforma: Martxan gaude!!!

Erabiltzailearen aurpegia Arrasateko M8 Plataforma 2019ko urt. 24a, 11:08

Greba feministak denetariko emakumeak batu eta espazio ezberdinak astintzen lagunduko digulako, zatoz gurekin!!!
Jaso zure agendan hurrengo Arrasateko M8 plataformaren asanblada irekien hitzorduak.

Kaixo lagun!

Ze moduz? Zuri idazten dizugu urtarrilaren 15ean plataformara gerturatzea ezinezko suertatu zitzaizulako, baina bertako berriak jasotzeko gogotsu zaudela badakigulako!

Argazkietan ikusi izan zenuen bezala parte hartzea oso handia izan zen, emakume pila gerturatu zen bai goizeko baita arratsaldeko deialdira ere. Denak gogotsu aurtengo martxoak 8 denon artean diseinatzeko. Oso pozik gaude erantzun anitza delako, bai adinetan bai ingurune ezberdinak ordezkatzen ditugulako eta hori ederra da, greba feministak denetariko emakumeak batu eta espazio ezberdinak astintzen lagunduko digulako.

2018ko olatua eta gero, 2019an gure aldarrikapenak zabaltzera begira, greba egiteko arrazoi pila dugula ikusi dugu. Zapalkuntza guztiak jarriko ditugula mahai gainean eta denei egingo diegula planto. Bizitzak erdigunean jarri nahi ditugula, inor prekarietatean bizi gabe, indarkeria matxista eta heteroarauarekin amaitu nahi dugula, arrazakeria eta gerra kolonialik gabe eta gure aniztasunak onartuta. Gure gorputzak, lurraldea eta lurra defendatzeko ordua dela uste dugu.

Bi astetik behin elkartzea adostu dugu, asteartetan eta bai goizeko eta bai arratsaldeko deialdiak martxan dira, beraz aukera baduzu apuntatu agendan urtarrilak 29, otsailak 12 eta 26 deialdiak eta goizeko edo arratsaldeko deialdira gerturatu zaitezke, goizekoa 10:30tan eta arratsaldekoa 18:30tan. Asanblada guztiak Kulturaten izango dira. Plataformara gerturatzeko aukera irekita dago, lasai lehenengo saiora etorri ezin izan bazenuen, plataforma bizia da gurea!

Lana eraginkorra izan dadin lantaldetan antolatu gara, oraingoz 6 lantalde: Martxoak 8 beraren egitaraua antolatzeko, aurre-lanketa diseinatzeko, aurten garrantzi berezia eman nahi diogunez, zaintza arloa, ikasleen greba antolatzeko, enpleguaren greba diseinatzeko eta honen guztiaren berri emango duen komunikazio arloa.

Lan talde berriak sortu daitezke, adibidez emakume pentsionistena edota, plenarioan ohartu ginen moduan, geure autofinantzaketa sustatuko duen taldetxoren bat, ez garelako kapitalistak baina autogestioa beharko dugulako gure proiekturako ezta?  Bakoitzak nahi duen lantaldean parte hartu dezake, gustukoen duzun horretan, gehien motibatzen zaituen horretara apunta zaitezke. Plataformako guztien artean diseinatu eta erabakiko dugu zer egingo dugun eta gero bakoitzak esango du zertan lagundu dezakeen.

Plataformara gerturatzea ezinezkoa bazaizu baina aurreko deialdiaren akta jaso nahi baduzu edota lantalderen baten sartu, bidali email bat m8arrasate@gmail.com –era.

Historia liburuetan martxoak 8 hauen berri idatziko dute eta gure bilobei kontatuko diegu aurrera eramateko bertatik bertara lanean aritu ginela. Emakumeok* baturik eta elkarlanean geldiezinak garelako, martxoaren 8a borroka egun ahaztezina bihurtuko dugu. Zatoz gurekin!!!

ARRASATEKO MARTXOAK 8 PLATAFORMA

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak