2019ko M8 Plataforma

Arrasateko emakumeak2019ko martxoaren 8 dela eta, M8 plataforma sortzeko antolatu dugun bilera irekira gonbidatu nahi ditugu urtarrilaren 15ean.
Bi aukera izango dira, goizean 11:00etan edo arratsaldean 18:30etan, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan.

2019ko Arrasateko martxoak 8 plataforma

Kaixo lagun!

Zuri zuzentzen gara, bai zuri, pasadan urteko martxoak 8an gu beste hunkitu eta emozionatu zinan horri, zuk ere bazenekielako arrakasta horretarako zure aletxoa jarri zenuela,agian ez zenuela asanbladatara etortzeko aukerarik izan, baina bai zure ingurua xaxatzen, astintzen, eztabaida sortzen … Badakigu sare sozialak astindu zenituela, zure lantegian greba deialdia zabaldu zenuela, edo zure haurren zaintza bitarte horretan parkean itzeleko eztabaida piztu zenuela …

Bai, eta zuri ere zuzentzen gara, badakigu zuk aldiz zure elkartean, alderdian, sindikatuan isileko lanean, zure mugimendua taldea, kolektiboa feministagoa izan dadin lan itzela egiten duzula, askotan oso esker txarrekoa baina martxoak 8aren baitan eztabaida gai pila jarri zenituela lehen lerroan, bestela uzten ez dizkizuten gai guzti horiek …

Zuri ere zuzentzen gara, manifa etxeko balkoitik ikusi zenuen horri, zure zaintza lanetan greba egitea ezinezko zaizun horri, baina zuk ere kaleko elkartasuna jaso zenuen eta zu ere emozionatu zinan, jakin badakigulako askotan sistema honetan mobilizatu eta aktibatzeko aukerak ez direla guztiontzat.

Gaztetxoei, aurreko M8-an mugimendu feministara batzeko grina piztu zaizun horri, bizitza osoa feminista izan den pentsionistari, antolatuta egon edo ez, edo orain arte feminismoa arrotz bizi izan duenari eta orain atentzioa piztu dion horri. Bere herrialdean mugimendu feministan aritutakoari eta orain hemen txoko bat topatu nahi duenari edo beste barik emakumeon eskubideen alde saretzeko gogoz dagoen horri.

Zuei guztiori zuzentzen gara Arrasateko martxoak 8 plataforma sortzeko, urtarrilak 15ean hasi eta martxoak 8 bitarte arituko gara. Gure asmoa, bakoitzak bere gogo eta aukeretatik parte hartuz ahaztezina izango den borroka egun zoragarri bat antolatzea. Askotan alboan aliatu bat dugula jakitea babes eta hauspo handia delako, eta ahizpatasunak pilak kargatzen dituelako. Bakoitzak bere ekarpena egingo du, bere aukeren arabera, bere espazioan, bere inguruan baina denok elkarrekin martxoak 8 indartsu bat antolatzen ari garen jakitun. Emakume Guztion artean, Arrasaten, martxoak 8 aitzakia, zein helburu ezarri nahi ditugun eta zertan eragin nahi dugun erabaki dezakegu.

Urtarrilaren 15ean batuko gara, bi aukera izango dituzu, goizeko 11:00etan edo arratsaldeko 18:30etan, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan. Deialdi egunean, orduan gerturatzeko aukerarik ez baduzu baina birtualki saretuta egon nahi baduzu edo hurrengo deialdien berri jaso nahi baduzu edo beste ordutegi batzuk proposatu nahi badituzu mesedez idatzi email honetara: martxoak8arrasaten@gmail.com –era

Historia liburuetan martxoak 8 hauen berri idatziko dute eta gure bilobei kontatuko diegu aurrera eramateko lanean aritu ginela. Emakumeok* baturik eta elkarlanean geldiezinak garelako, martxoaren 8a borroka egun ahaztezina bihurtuko dugu. ZATOZ GUREKIN!!!

POTTOGORRIAK eta ARRASATEKO EMM PLATAFORMA

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak