Asteburu betea izan du Arrasate Judo Elkarteak

Erabiltzailearen aurpegia Arrasate Judo Elkartea 2025eko azaroaren 24a

Larunbat arratsaldean alebin eta infantil mailako Gipuzkoako taldeen txapelketa izan zen Urnietan. Arrasateko taldeak oso ondo ibili ziren eta mutilen taldeak, gehienak lehen urtekoak izanik, hirugarren postua lortu zuten borrokaldi oso ona eginda.

Kontutan eduki behar dugu zazpi kidetako taldeak zirela eta gureak bostekin parte hartu zutela, pisu batzuetan ez zutelako inor klubean. Nesken alebin taldeak ordea, bost kidetako taldeak ziren eta arrasatearra laurekin joan ziren, mutilen arazo beragatik. Neskek txapelketa borobila egin zuten kanporaketa denak irabaziz eta maila oso altura erakutsita. Lehen postua lortu zuten.

Iaz ere, talde guztiz ezberdinekin, lehen postuak ekarri zituzten gurera, beraz, Arrasateko harrobiak judoka oso onak ematen jarraitzen du.

Infantil mailan, ordea, lesioak medio, ezin izan zuten borrokatu neskek, eta mutilak erdizka joan ziren. Igandean, berriz, Gipuzkoako Junior txapelketa izan zen Urnietan ere. Izar Arrotxa eta Irati Jimenezek hartu zuten parte nahiz eta kadeteak izan oraindik.

Txapelketa gogorra izan zen eta Iratik, nahiz eta borrokaldi onak egin, ez zuen zorterik eduki. Izarrek, ordea, urte bat geldirik egon ondoren lesio batengatik, maila ona eman zuen hirugarren postua eskuratuz.