Dorletako Maillotaren Museoak beste jauzi bat egin du: haren bilduma eta txirrindularitzaren inguruan urteetan osatutako ondare kolektiboa mundu digitalera eraman du. Horretarako, webgune bat sortu dute, urte hauetan txirrindulariek Dorletako Amari eskainitako maillotak, argazkiak eta bestelako materiala bildu eta edonoren eskura jartzeko.
Webgunearen garapena Goisolutions-ek egin du, Dorletako Maillotaren Museoaren ondarea formatu digitalean zabaltzeko helburuarekin, eta, Dorletako Ama Txirrindularitza Taldeko kideek azaldu dutenez, laster erantsiko diote webguneak batzen duen informazio guztia Leintz Gatzagako udal webguneari, era erakargarriagoan. Gaur-gaurkoz, hasierako diseinu-proposamenean, dorletacyclingmuseum.com helbidean ikus daitezke orrialdearen xehetasunak.

Ondarea hedatzea helburu
Webgunean jasotako informazioa, gainera, eskuliburu batean ere bildu dute, ondare hori beste euskarri batean gordetzeko eta zabaltzeko. "Ekimenaren helburua da Leintz Gatzagako santutegiaren inguruan errotutako historia eta tradizioa ezagutaraztea, museoaren ondarea eta ezagutza ahalik eta jende gehienari hurbiltzeko. Izan ere, Dorletako Ama Txirrindularitza Taldekook duela hilabete batzuk ireki genuen museoa, santutegian urteetan bildutako materialari erakustoki duina eskaintzeko. Orain arte, txirrindulariek Ama Birjinari eskainitako maillotak armairu zahar batean gordetzen genituen. Bilduma handitzen joan ahala, ordea, material hori modu txukunagoan antolatu eta erakusteko beharra ikusi genuen. Hala, museo gisa atondu genuen espazioa, modu xumean baina bildumaren balioari merezi duen garrantzia emanez, eta orain beste urrats bat egin dugu", azaldu du Joxerra Agirreurretak, Dorletako Ama Txirrindularitza Taldeko kideak.
Webgunea osatzen
Orain, webgune berriaren bidez, museo fisikoaren edukia formatu digitalean ere ezagutarazteko aukera izango da. "Bildumak 100 maillot baino gehiago biltzen ditu, 60 herrialdetako txirrindularien ekarpenekin. Profesionalen zein zaleen jantziak daude ikusgai, baita talde eta txirrindulari ezagunenak eta elkarte zein zale anonimoek egindako eskaintzak ere", azaldu du Agirreurretak.
Maillot bakoitzak istorio bat kontatzen du. Kirol ibilbide baten oroitzapena izan daiteke, lortutako garaipen baten lekukotasuna, edo Ama Birjinari eskerrak emateko egindako eskaintza. Profesionalen eta afizionatuen maillotak daude, eta, tartean, bailarako txirrindularien eta taldeen ekarpenek ere badute lekua museoan, Debagoieneko txirrindularitzaren historia eta tradizioa gogora ekartzeko.
Mailloten atzeko istorioak
Maillotaren Museoaren webgunean maillot bakoitzaren inguruko informazio historikoa ere jaso dute. Hala, jantzi bakoitzaren bidez, hura erabili zuen txirrindulari profesionalen zein afizionatuak izan ziren txirrindularien ibilbidea, lorpenak eta taldearen historiako une esanguratsuak ezagutzeko aukera dago. Besteak beste, Astana taldeko Aleksander Vinokuroven, Banestoko Miguel Indurainen eta Xabier Lazpiurren, Bahrain taldeko Mikel Landaren eta Alpecin taldeko Mathieu van der Poelen maillotak daude.

Asier Guenetxearen elastikoa eta istorioa.

Azalpen horien bidez bildumak balio dokumentala ere hartzen duela nabarmendu du Agirreurretak. "Dorletako santutegiko museoan ditugun maillotak ez dira kirol-jantzi hutsak, txirrindularitzaren historiaren, lorpenen eta oroitzapenen lekuko dira, eta horien gaineko kontakizuna jasota geratzea nahi genuen", azaldu du Agirreurretak.