Martxan da euskal dantzak herritarren artean sustatzeko ikastaroa

Imanol Beloki Unamuno

Fandangoa eta arin-arina ikasteko lehenengo saioan batutakoak.

Sorginak Emakume Taldeak antolatuta, fandango eta arinarin ikastaroa jarri dute martxan Leintz Gatzagan. Urriaren lehenengo domekan egin zuten lehen saioa, eta hasiera ezin hobea izan du ekimenak: guztira, 30 lagunek eman dute izena eta lehen hitzorduak giro ederra izan du.

Ikastaroaren bidez, Sorginak Emakume Taldeak euskal dantzak herritarren artean sustatu eta zabaltzeko helburua du, eta, aldi berean, herritarrei elkarrekin dantzaz gozatzeko eta aisialdia modu aktiboan partekatzeko aukera eskaintzea nahi du. Hori horrela, fandangoa eta arin-arina ikasteaz gain, euskal kulturarekin eta herriko dantza-ohiturekin harremana sendotzeko topagunea ere izan nahi du ekimenak.

Ikastaroa, hasita

Lehen saioa eginda, bigarrena domeka honetan izango da; izan ere, urriko eta azaroko domeka guztietan batzea da asmoa, arratsaldeko seietan. Lehen saioa dagoeneko egin bada ere, oraindik ere badago ikastaroan parte hartzeko aukera. Hala, dantzarekin lehen harremana izan nahi duten zein aurretik aritu diren herritarrak parte hartzera animatu dituzte antolatzaileek.

Ikastaroaren prezioa 10 eurokoa da helduentzat, eta 16 urtera arteko gazteentzat doakoa izango da. Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte ekimenarekin bat egitera eta euskal dantzak ikasi, praktikatu eta taldean gozatzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak