Garazi Orobengoa: "Lasaitzeko eta deskonektatzeko modu bat da kandelak egitea"

Imanol Beloki Unamuno

Garasi Orobengoa gatzagarra.

Garazi Orobengoak (Gatzaga, 1990) denbora librean kandelak egiten ditu. XUA da bere artisautza-proiektua, eta bertan hainbat usainetako argizarizko piezak sortzen ditu, artisautza eta sormena uztartuz.

Garazi, nola sortu zen XUA eta nola hasi zinen kandelak egiten?

XUA niretzat kandelak baino gehiago da: gertukoa, goxoa eta naturala. Beti gustatu izan zaizkit kandelak, baina konturatu nintzen edozein lekutan erosten genituen kandelek osagai kimiko pila bat izaten zituztela. Hori aztertzen hasi nintzen, eta merkatuan alternatiba naturalagoak aurkitu nituen. Soja-argizariz egindako kandelak erosten hasi nintzen, lehenbizi, eta, pixkanaka, ni neu egiten hasi nintzen, autodidakta moduan; nire kabuz ikasi dut.

Nolakoa da kandelak egiteko prozesua?

Soja-argizaria eta usain-olioak erabiltzen ditut kandelak egiteko. Hala, kandela bakoitza egiteko prozesuak pazientzia eskatzen du: materialak prestatu, argizaria landu, usainak aukeratu eta kandelari forma eman. Eskuz lan egitea eta prozesu osoa zaintzea gustatzen zait. Baina, batez ere, kandelak erlaxatzeko egiten ditut. Ez da nire asmoa negozio bat egitea. Niretzat denbora hartzeko, deskonektatzeko eta gustuko dudan zerbait egiteko modu bat da. Horregatik, ez dut etengabe ekoizten edo edozein lekutan saltzen.

"Kandelaren moldea erretxin ekologikoarekin eginez hasten dut prozesua"

Nolakoak dira XUAren kandelak eta nola egiten dituzu?

Egiten ditudan kandelak aromatikoak dira. Sei edo zazpi usain egiten ditut, normalean; batez ere, niri gustatzen zaizkidanak. Ohikoenak sagarra eta kanela, fruitu gorriak eta izpilikua (labanda) dira. Hala ere, norbaitek usain espezifikoren bat eskatzen badit, lortzen eta egiten saiatzen naiz. Prozesua kandelaren moldearekin hasten dut. Lehenbizi, molde hori erretxina ekologikoarekin egiten dut, eta lehortzen denean inprimazio bat ematen diot. Ondoren, soja-argizaria urtu egiten dut, eta, behin urtuta, olio-esentziak gehitzen dizkiot. Nahasketa moldean jartzen dut, metxa jarri eta lehortzen uzten dut. Prozesu osoa presa barik egin behar da, pausoz pauso.

Azokaz azoka aritzen al zara edo gertukoentzat soilik egiten dituzu?

Legutioko azokan jarri nuen behin postua, eta baita Leintz Gatzagan ere, Makilakorta jaiko edizio batean. Horrelakoetan jendeak XUA ezagutzeko aukera izaten du, eta nik ere nire lana zuzenean erakustekoa.

Jarraituko duzu zure zaletasunarekin?

Orain, haurdun nagoenez, albo batera utzita daukat kandelen prozesua, usainek asko eragiten didatelako. Momentuz, beraz, atseden hartzen ari naiz, alde horretatik. Hala ere, aurrera begira, eskaerak baditut, egingo ditut, eta niretzat ere jarraituko dut kandelak egiten. Azken batean, niretzat ez da negozio bat, baizik eta lasaitzeko eta deskonektatzeko modu bat. Niretzat kandela bat egitea ez da soilik zerbait sortzea; tarte bat hartzea eta lasai egotea ere bada.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak