Toki Eder elkarteko jubilatuek udazkeneko egitaraua zehaztu dute

Imanol Beloki Unamuno

Erretiratuak, iaz egindako irteera batean.

Martitzenean bildu ziren Toki Eder Jubilatu Elkarteko kideak, udazkenera begirako programazioa osatzeko. Egitaraua prest dute, eta urte amaierara arteko ekintza gehienak ere zehaztu dituzte.

Andra Mari jaien ostean, ohiturari eutsiz, jubilatuek bazkaria egin zuten hilaren 12an, Udalaren eskutik. Guztira, 22 lagun elkartu ziren bazkaltzeko Toki Eder elkartean, eta, egun ederra pasata, hurrengo ekintzak urrirako zehaztu dituzte.

Laboratoriumera bisita

Hain zuzen ere, urriaren 15ean Jubilatuen Eguna ospatuko dute, eta egun horretan Bergarako Laboratorium museora joango dira, eta, ondoren, bazkaria egingo dute Gatzagan, Toki Eder elkartean. "Hasiera batean, asmoa zen Dorleta Santutegian, Dorletako Ama Txirrindulari Elkartekoen Mailloten Museoa ikusi eta gero, Gatz Museoa bisitatzea, baina, azkenean, Bergarara joango gara, Laboratoriumera. Izen-ematea Labidean egin behar da, eta parte-hartze ona espero dugu", adierazi du Toki Eder elkarteko kide Periko Orobengoak.

Aurrera begirakoak

Urrian, hilaren 22an eta 29an, berriz, Gatzagako gimnasioan laguntza ematen ari den Iñigo Agirrerekin ibilketa nordiko ikastaroa egingo dute, mendiko bastoiekin ibiltzen ikasi dezaten. Azarorako, berriz, Iruñe aldera txangoa egitea aurreikusi dute, eta, abendura begira, mahai-jokoak antolatuko dituzte. Zehaztu gabe duten arren, erorikoak prebenitzeko hitzaldi bat ere antolatu gura dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak