Gatzagako Udal Pilotalekuko teilatua eraberritzeko obrak egiten hasi berri dira, eta datozen asteetan ibiliko dira lanok egiten, nahiz eta oraindik ez dagoen guztiz zehaztuta noiz arte iraungo duten. Gatzagako alkate Dorleta Elkorobarrutiak jakinarazi duenez, asmoa da "aurrerantzean frontoiko teilatuan panel fotovoltaikoak jartzea", baina horrek eskatzen du aurretik teilatua berritu behar izatea. Gainera, Elkorobarrutiak adierazi du herrian ez dagoela panel fotovoltaikoak jartzeko aukera ematen duten toki askorik: "Azkenean, Leintz Gatzaga ondare historiko gisa ezagutzen denez, herriko gune gehienetako teilatuetan ezin dira panel horiek jarri. Badaude panelak jartzeko bi toki posible herrian, eta horietako bat da frontoia. Hori da lanak egitearen arrazoia".
Panel fotovoltaikoak jartzearen kostua, gainera, dirulaguntza baten bitartez finantzatuko dela adierazi du alkateak: "Aldundiak azterketa bat egin ostean ondorioztatu du energia berriztagarrien sustapenerako proiektu bat dela, eta, ondorioz, euren eskutik datorren dirulaguntza batekin finantzatuko dugu kostu guztia".
Esnargin sartzea helburu
Proiektu guztia gauzatu bitartean, Udalak Esnargi energia komunitatean sartzeko asmoaren berri eman die herritarrei. Horrek guztiak egunerokotasunean izan ditzakeen eraginen eta eragin ekonomikoen berri emateko egin zuten eguaztenean, herritarrekin batera, informazio batzar bat.