Noah Shelton (Kelly Benefits Cycling Team) estatubatuarrak irabazi du Leintz Gatzagako Dorletako Ama Sariaren 48. edizioa. 117 kilometroko eta 2.174 metroko desnibel metatuko proban, Apotzagara eta Gatzagara lau aldiz igo ostean, bost txirrindulari iritsi dira elkarrekin momentu erabakigarrenera. Gatzagako herriguneko aldapa gogorrean eta lurzoru zakarrean jokatutako esprintean eskalatzaile estatubatuarra nagusitu da. Sheltonen garaipenak are balio handiagoa dum Apotzagako lehen igoera malkartsuan erorikoa izan arren, aitaren batean lortu baitu aurreko taldearekin berriz bat egitea.
Podiuma Eiser-Hirumet Team taldeko bi txirrindularik osatu dute. Aimar Quintana gasteiztarra bigarren izan da, eta Eneko Bedialauneta ondarrutarra hirugarren. Taldekideek hasierako ihesaldian ordezkaririk ez izan arren, atzetik aurrerako lasterketa bikaina egin dute azkenean bi txirrindulari sartzeko ditu aurreko taldean. Gainera, lasterketako puntuak bilduta, Quintana Lehendakari Txapelketako lider berria da.
Lasterketa lehen itzulian bertan hautsi da, Apotzagako lehen igoeran. Hasierako ihesaldiak berehala zabaldu du aldea, eta tropela talde txikitan zatikatzen joan da. Handik aurrera igoera bakoitzak are gehiago gogortu du lehia, bost txirrindulariko ihesaldia sortu arte azken itzulirako. Probaren gogortasunaren erakusgarri, 123 parte-hartzaileetatik erdiek baino ez dute amaitu lasterketa.
Aurtengo edizioak, irteeran hutsune nabarmenak izan ditu. Lehendakari Txapelketako sailkapen nagusiko hainbat txirrindulari Zamorako Itzulian ari dira lehian, eta horrek maila goreneko hainbat izen Gatzagatik kanpo utzi ditu. Debagoieneko ordezkaritzarik ere ez da izan: Oñatiko Aimar Erostarbe (Smartlog Nest) Zamorako Itzulian aritu da, Aramaioko Beñat Iñarra (Caja Rural) lesionatuta dago, eta Antzuolako Unax Errasti (Finisher Kern Pharma) Madrilen izandako eroriko baten ondorioz ezin izan da lehiatu.
Hamalau urteko zikloari amaiera
Antolakuntzak balorazio oso ona egin du. Joxerra Agirreurretak azpimarratu du ikusle ugari bildu dela Apotzagako eta Gatzagako maldetan, eta proba gorabehera larririk gabe amaitu dela. Aldi berean, aurtengoa azken edizioa izan da azken hamalau urteetan lasterketa gidatu duen lantaldearentzat: Agirreurretarekin batera, Xalbador Azkoagak, Jon Sasiainek eta Alberto Altubek agur esan dute.