Eugenio Otsoaren omenezko laugarren bola-txapelketa jokatuko dute bihar

Julen Murua Mesonero 2026ko uztailaren 17a

Eugenio Otsoa bola-txapelketako une bat.

50 eta 60 parte hartzaile bitartean izatea espero dute; hainbat sari egongo dira

UDAren bola-taldeak antolatuta, azken urteetan ohitura bilakatu den Eugenio Otsoaren omenezko bola-txapelketa jokatuko da bihar, zapatua, 18:30ean, Leintz Gatzagako bolatokian. Bola-txapelketetan ibiltzen den Juanito Bengoak jakinarazi du 17:00 aldera irekiko dutela bolatokia, nahi duten parte hartzaileek berotzeko aukera izan dezaten, eta ordu berean irekiko dutela izena emateko epea. Txapelketa hasi aurreko azken momentura arte egongo da izena emateko aukera. Beste urte batzuetan gauean jokatu dute txapelketa, baina, halakoetan "nahiko berandu" amaitzen dutenez, arratsaldera pasatzea erabaki dute. Bolatokiko teilatua "nahiko hondatuta" dagoela dio Bengoak, eta, hala, eguraldi txarra bada, Aretxabaletako bolatokian jokatuko da txapelketa. "Eguraldi onarekin ez dago inolako arazorik, baina, eguraldi txarrarekin, aurreko udaberrian tokatu zitzaigun moduan, beste herri batera eraman behar izaten dugu txapelketa, teilatuan ur-poltsak sortzen direlako eta ezinezkoa izaten delako modu horretara jokatzea", dio Bengoak.

Bolatokiak, Otsoaren izena

Otsoaren izena du bolatokiak berak, eta haren omenezko txapelketa jokatzen den laugarren aldia izango da aurtengoa. Bengoak dio "gogo eta ilusio handiz" hartzen dutela parte txapelketan. Botalokiak Otsoaren izena izatearen zergatia ere azaldu du: "Eugenio oso saltseroa zen; alde guztietan egoten zen, haren izatea halakoa zelako. Egun baten, bola-txapelketen gainean hitz egiten, hura oso gaizki zegoela, esan zidan: 'Egunen baten, bolatokian omenaldi bat egin beharko didazue, ala?'. Hori esan zigun momentutik, ez genuen inongo zalantzarik izan. Uztailaren 14an, Pobre de mí egunean, haren urtebetetze eguna izango zen, eta data horren inguruan antolatzen dugu txapelketa urtero; 75 urte beteko zituen aurten".

Hiru bola-txapelketa antolatzen dituzte urtero Gatzagan: jaietako txapelketa, Gipuzkoakoa eta asteburuan jokatuko den Eugenio Otsoa. Bengoak dio Gatzagarentzat "oso aberasgarria" dela horrenbeste jende ibiltzea herrian bola-txapelketen bueltan, eta aurtengo edizioan parte hartzera gonbidatu ditu inguruko herrietan jokatzen ibiltzen direnak.

Irabazleak, 100 euroko saria

50 edo 60 parte hartzaile inguru espero dituzte, eta, aurreneko edizioa jende kopuruari dagokionez "izugarria" izan bazen ere, hurrengoetan ere kopuru ona mantendu dela onartu du Bengoak. Parte hartzaile guztietatik onenak 100 euroko saria eta txapela irabaziko ditu; bigarrenak, 75 euroko saria; hirugarrenak, 50 eurokoa; laugarrenak, 30 eurokoa; eta bosgarrenak, berriz, 20 eurokoa. Sari horiez gain, seigarren postuan bukatzen duenak "ustekabeko saria" lortuko du eta gatzagar onenak urdaiazpiko bat eskuratuko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak