Antolatzaileen artean errelebo aldaketa izango da probaren ostean

Xabier Urtzelai 2026ko uztailaren 17a

Gorka Corres, iaz, helmugan.

Dorletako Ama sariaren 48. edizioak 117 kilometro izango ditu, eta lau igoera Apotzagara eta beste lau Gatzagara. Antolatzaileen artean datorren urtera begira errelebo aldaketa egongo da.

Lehendakari Txapelketako hirugarren lasterketa jokatuko dute domekan Leintz Gatzagan (09:00), Dorletako Ama saria. Azken urteotako edizioei dagokienez, antolatzaileek ez dute berritasunik aurreikusi, duela bizpahiru urte zirkuitua gogortzearen aldeko erabakia hartu zutenetik bere horretan geratu da-eta lasterketa, baina bai izango da lasterketa antolatzen ibili diren beteranoentzako azken edizioa. Alegia, Joxerra Agirreurretak, Xalbador Azkoagak, Jon Sasiainek eta Alberto Altubek domekako lasterketaren ostean atseden hartuko dute. "Gatzatrail antolatzen ibili ziren herriko gazteek erakutsi ziguten gaur egun gauzak zelan egin behar diren, eta ordua da eurek erreleboa hartzeko", dio Agirreurretak. "Gu laguntzeko egongo gara, baina eurak arduratuko dira lasterketa antolatzeaz".

Proba luzatzeko asmotan

Aurten Araba aldean lasterketa luzatzeko asmotan egon badira ere, azkenean iazkoaren itxura izango du domekakoak. "Gurea mendiko lasterketa da, igoeraz betea; horrek gogortzen du proba". Hala, ziklistak lautan igoko dira Aretxabaletako Txarapea kaletik Bernabe ermitara (Apotzaga), eta beste lautan igoko dituzte Gatzagako maldak. Guztira 117 kilometro izango ditu lasterketak, eta irteeran 150 txirrindulari inguru espero dituzte. 50. kilometroan sari berezia izango da, Aretxabaletan; 82. kilometroan tarteko helmuga, Eskoriatzan; eta Gatzagako lehen igoeran iturritik lehenengo pasatzen denak Rafle saria izango du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak