Toki Eder jubilatuen elkarteko kideek hilabete eta erdian behin antolatzen dituzte herritarrentzako ekintzak; hitzaldiak, irteerak, bisita gidatuak, txapelketak eta bestelakoak antolatzen dituzte. Orain, gainera, gimnasioan egiteko ariketak ere lantzen dituzte. Uda sasoian sartuta, dagoeneko badabiltza uztailera begirako emanaldiak prestatzen. "Ikusiko dugu hilabetea nola doan, baina baliteke elkartean bertan antolatzea duela 40 urte Gatzagaren inguruan egin zen bideo emanaldi bat. Hiru ordu laurden edo iraungo du. Jendea animatzen da halako ekintzetara, eta guk, hortaz, gustu handiz antolatzen ditugu", adierazi du Toki Eder elkarteko kide Perico Orobengoak. "Horrez gain, irailean ospatuko diren andramaixei begira, Dorletako Ama Birjinaren Egunean txosna hartuko dugu hiru ordu inguruz. Jendea gerturatzera animatzen dugu pintxoak eta edatekoa egoten delako. Gainera, otxandioarrentzat salda ere prestatuko dugu", gehitu du.
Elkartea, osasuntsu
Uda sasoia izan edo ez, urte osoan antolatzen dituzte ekintzak Toki Eder elkartekoek. Parte hartzea "nahiko handia" izaten dela dio Orobengoak, eta horrek elkartea osasuntsu dagoela erakusten duela onartu du: "30 kide inguruk osatzen dugu elkartea gaur egun, eta hitzaldiak, irteerak, bola-txapelketak eta bideo emanaldiak antolatzen ditugu. Esan genezake osasuntsu dagoela elkartea; izan ere, urtetik urtera kopurua nahiko berdintsu mantendu izan da".