Herri txikietako etxebizitzaren gaia landu du Debagoieneko EAJk Gatzagan

Julen Murua Mesonero 2026ko uztailaren 9a

Herri txikietako etxebizitzen inguruko hitzaldia. Argazkia: Debagoieneko EAJ.

Etolur sozietate publikoko zuzendari Maite Peñacobak heldu zion gaiari Leintz Gatzagako liburutegian.

Gipuzkoa osatzen duten 88 udalerrien artean 32 dira 1.000 biztanle baino gutxiago dituztenak; tartean, Leintz Gatzaga. Etxebizitza herri txikietan sustatzeko estrategiak "garrantzi handia" du Etolurrentzat, "biztanleria finkatzeko eta landa eremuen etorkizuna bermatzeko tresna nagusi gisa", Peñacobak azaltzen duenez. Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioari esker egiten du hori, eta "etxebizitza eskuragarriak izateak despopulazioari aurre egitea, zerbitzuak mantentzea eta lurralde oreka sustatzea" ahalbidetzen duela dio.

Egin duten diagnostikoak dio herri txikietan etxebizitza eskaintza "urria" dela, "sustatzaile pribatuen interes faltagatik, plangintza urbanistikoaren zailtasunengatik eta udal askoren baliabide mugatuengatik". Peñacobak jakinarazi zuen Landagipuzkoa ekimenaren bidez, 2026 eta 2027 urteetan 51 etxebizitza berri eraikiko direla zazpi udalerritan, eta beste hamar herritako aukerak aztertzen ari direla; "tartean, Leintz Gatzagakoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak