Gatzagaren etorkizunaz hausnartzeko bigarren faseari ekingo dio Udalak

Julen Murua Mesonero 2026ko uztailaren 3a

Leintz Gatzagako herriguneko ikuspegia.

Udal Gobernuak urte hasieran abiatu zuen herriaren etorkizunari buruzko hausnarketa prozesu bat herritar talde baten eta Bat Bi ta Hiru aholkularitza taldearen laguntzarekin, "herriaren egoera aztertzeko eta etorkizunerako erronkak identifikatzeko helburuarekin". Irailean ekingo dio bigarren faseari.

Hainbat diagnostiko egin dituzte, eta etxebizitzaren egoera aztertu. "Datu interesgarriak eta itxaropentsuak" agertu direla diote, azken hilabeteetan "hainbat etxebizitza saldu, beste batzuk merkatura atera, eta Udala, herritarrak eta eragileak harremanetan daudelako etorkizunean etxebizitza berriak sortzeko aukerak aztertzen.

Hala ere, etxebizitzarena ez da Udal Gobernuaren erronka bakarra. "Herri txiki batek bizirik iraun dezan, hor bizitzeko baldintza egokiak ere behar dira: oinarrizko zerbitzuak, harreman sareak, parte hartzeko aukerak eta bizi-kalitate ona", adierazi dute. Hori dela eta, irailetik aurrera hausnarketa prozesuaren bigarren faseari ekingo diote, "Gatzaga bezalako landa-eremu batean bizitzeko interesa izan dezaketen pertsonengana hurbiltzeko eta herrira etortzeko edo bertan geratzeko beharrezkoak diren baldintzak identifikatzeko helburuarekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak