Sua beharrean, ura izan da San Juan bezperako protagonista

Julen Murua Mesonero 2026ko ekainaren 26a

Haurrak uretan jolasean. Argazkia: Juan Luis Zabala

Ur-jolasez gain, bolo txapelketan ere parte hartu zuten gatzagarrek; ostean, mokadutxoa egin zuten.

Euskalmetek asteon ezarritako alarma gorriko egoera dela eta, bertan behera gelditu da solstizio egunean piztu beharreko sua Leintz Gatzagan. Hala ere, egunari buelta bat eman, eta sua beharrean ura izan da San Juan bezperako protagonista. Beroaldiari aurre egiteko aukera izan dute herritarrek modu horretara, eta Udalak erositako haurren jolasetan aurrera eta atzera ibili ziren haurrak bai, baina baita gazteak eta helduak ere.

Sua egiteaz gain, urteroko ohitura zen gatzagarrentzat Herriko Plazan pintxoak eta edaria eskaintzea herritarrei. Aurten, baina, plazan beharrean Toki Eder elkarte pareko mahaietan jarri, eta hirugihar, txorizo eta gazta pintxoak prestatu zituzten. Dorleta Elkorobarrutia alkateak dio "herritar asko" elkartu zirela elkarte parean, eta "arratsalde-pasa ona" izan zutela.

Bola-txapelketa ere bai

Aurten berrikuntza nagusia izan diren ur-jolasez eta ohiko herritarren mokadutxoaz gain, Toki Eder jubilatuen elkartekoek bola-txapelketa ere antolatu zuten. Herritarren parte hartzea "nahiko handia" izan zela dio Elkorobarrutiak, eta irabazleek sari bana jaso zuten. Emakumezkoen txapelketan Lierni Zangitu izan zen onena; gizonezkoenean, berriz, Txema Fernandez. 

"Arratsalde oso betea" izan zen, alkatearen iritziz, eta herritarrak ere "oso gustura" egon zirela aitortu du. Beroari aurre egiteko, martitzenean ez ezik, eguaztenean ere egin zuten euren "ur-parke higikor propioa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak