Emozioz beteriko eguna bizi izan zuten, joan den zapatuan, 1960an Dorletako santutegitik abiatu eta Vatikanoraino bizikletaz joan ziren hiru txirrindulariek. Jose Luis eta Angel Serrano anaia bilbotarrak eta Jose Luis Saenz gasteiztarra berriz elkartu ziren, sei hamarkada baino gehiago elkar ikusi gabe egon ostean, Dorletako Ama txirrindularien zaindari izendatzeko egin zuten balentria gogoratzeko eta euren senideek Dorletako Ama Elkartearekin batera antolatutako omenaldia jasotzeko.

Dorletako santutegiaren atarian egin zieten harrera omenduei, aurreskuarekin. Ondoren, santutegi barruan egin zuten ekitaldian, Dorletako Ama Elkarteko ordezkariek hartu zuten hitza, eta 1960ko abuztuan egin zuten 3.200 kilometroko bidaia gogora ekarri zuten. Elkarteko kide Joxerra Agirreurretak onartu du "oso egun berezia" izan zela zapatukoa, "hilda zegoen istorio bat berreskuratu" zutelako. "Euren familiako kideak gurekin harremanetan jarri zirenera arte ez genuen uste halakorik egiteko aukera izango genuenik, baina oso pozik gaude halako balentria lortu zuten hiru ziklistak berriro elkartu eta Dorletara gonbidatu izanagatik. Dorleta kontu hau guztia mapan jartzeko modu bat izan da", gehitu du. Oroigarriak jaso zituzten, gero, Dorleta Elkorobarrutia Leintz Gatzagako alkatearen eskutik, eta alkateak eskerrak eman zizkien duela 60 urte egin zuten balentriagatik eta Dorletako santutegia "txirrindularitzaren erreferente bihurtzen laguntzeagatik".
60 urteren ostean, batera
Omenaldiaren unerik hunkigarriena hiru protagonistak sei hamarkada igaro eta gero berriz elkartzea izan zen. Vatikanotik itzuli zirenetik ez zuten elkar ikusi, eta zapatuko hitzorduak berriz batu zituen. "Jose Luis Saenz berriro ikusteak ilusio handia egin dit. Ez genuen elkarren berririk ordutik. Kalean aurkitu izan banu, ez nukeen ezagutuko", adierazi zuen zapatuan 91 urte bete dituen Angel Serranok. Saenzek ere ezin izan zuen emozioa ezkutatu: "Gaurkoa sinestezina izan da. Ez dut hitzik gertatutako hau definitzeko. Hartu dudan ohorerik handienetako bat izan da". Jose Luis Serranok, ostera, antolatzaileei eskerrak eman zizkien. "Oso oroitzapen polita izan da. Hunkigarria izan da eta gauza asko ekarri ditugu gogora. Hau antolatu dutenei eskerrak emango nizkieke, ondo pasatu dugu", adierazi zuen.

Ekitaldiaren ostean, omenduek Dorletako santutegia bisitatu zuten, eta bertako museoan dauden txirrindularien maillot historikoak ikusteko aukera izan zuten. Familia-argazkia atera ondoren, herriko elkartean elkartu ziren bazkari-luntxa partekatzeko.
