Dorletako santutegian elkartu dira berriro Vatikanoraino joandako hiru txirrindulariak

Koldo Zubia Salas 2026ko ekainaren 13a

Omenaldiaren ostean, hiru ziklistekin familia argazkia atera dute Dorletako santutegiaren kanpoaldean.

1960an Dorletako Ama txirrindularien zaindari izendatzeko eskaera Vatikanora bizikletaz eraman zuten Jose Luis eta Angel Serrano anaiek eta Jose Luis Saenzek; gaur omenaldia egin diete Leintz Gatzagako Dorletako santutegian.

Emozioz beteriko eguna bizi dute gaur 1960an Dorletako Santutegitik abiatu eta Vatikanoraino bizikletaz joan ziren hiru txirrindulariek. Jose Luis eta Angel Serrano anaia bilbotarrak eta Jose Luis Saenz gasteiztarra berriz elkartu dira, –sei hamarkada baino gehiago elkar ikusi gabe egon ostean–, Dorletako Ama txirrindularien zaindari izendatzeko egin zuten balentria gogoratzeko eta euren senideek Dorletako Ama Elkartearekin batera antolatutako omenaldia jasotzeko.

Dorletako Santutegiaren atarian egin diete harrera omenduei, aurreskuarekin. Ondoren, santutegi barruan egin duten ekitaldian, Dorletako Ama Elkarteko ordezkariek hartu dute hitza, eta 1960ko abuztuan egin zuten 3.200 kilometroko bidaia gogora ekarri dute. Jarraian, oroigarriak jaso dituzte Dorleta Elkorobarrutia Leintz Gatzagako alkatearen eskutik; alkateak eskerrak eman dizkie Dorletako Santutegia txirrindularitzaren erreferente bihurtzen laguntzeagatik.

Ezkerretik eskuinera, Joxerra Agirreurreta, Jose Luis Saenz, Dorleta Elkorobarrutia, Jose Luis Serrano eta Angel Serrano. 

Gaztetasuneko abentura

Santutegian protagonistek duela 66 urteko bidaia hura gogora ekarri dute. Jose Luis Serranok, 19 urte zituen garai hartan, eta azaldu du ekimenaren jatorria Frantziako txirrindulariekin izandako harremanetan dagoela. "Bilboko klubarekin zikloturismoa egiten genuen. Baionakoekin eta Labastide-d'Armagnaceko jendearekin harremana genuen, eta han hasi zen dena. Egia esan, ez dakit nola sortu zen ideia; oso gaztea nintzen. Jende nagusiak antolatutako kontua izan zen eta gu bigarren ilara batean geunden", adierazi du.

Angel Serranok, berriz, bidean izandako zailtasunak izan ditu gogoan. "Irten eta berehala, Pirinioetan sekulako ekaitzak harrapatu gintuen. Pixkanaka Mediterraneorantz joan ginen eta Kosta Urdin osoa zeharkatu genuen, Niza eta Monaco igarota, Erromaraino. Han, Castel Gandolfora joan ginen, aita santua oporretan zegoelako", azaldu du. Jose Luis Saenzek ere bidaiaren hainbat xehetasun partekatu ditu. "Oso memoria txarra dut, baina Erromara iritsi ostean turismo pixka bat egiteko aukera izan genuen. Urte hartan Olinpiar Jokoak egin ziren han, eta instalazioak kanpotik ikusi genituen. Egunero 200 kilometro inguru egiten genituen garai hartako bizikletekin", gogoratu du.

Vatikanora joandako hiru ziklistak 66 urteren ostean elkartu diren unea. 

Berriz elkarrekin, 60 urteren ostean

Omenaldiaren unerik hunkigarriena hiru protagonisten berriz elkartzea izan da. Vatikanotik itzuli zirenetik ez zuten elkar ikusi, eta gaurko hitzorduak berriz batu ditu. "Jose Luis Saenz berriro ikusteak ilusio handia egin dit. Ez genuen elkarren berririk ordutik. Kalean aurkitu izan banu, ez nukeen ezagutuko", zioen gaur 91 urte bete dituen Angel Serranok. Saenzek ere ezin izan du emozioa ezkutatu: "Gaurkoa sinestezina izan da. Ez dut hitzik hau definitzeko. Hartu dudan ohorerik handienetako bat izan da". Jose Luis Serranok, ostera, antolatzaileei eskerrak eman dizkie. "Hunkigarria izan da eta gauza asko ekarri ditugu gogora. Hau antolatu dutenei eskertzeko modukoa izan da", adierazi du.

Ekitaldiaren ostean, omenduek Dorletako Santutegia bisitatu dute, eta bertako museoan dauden txirrindularien maillot historikoak ikusteko aukera izan dute. Familia argazkia atera ondoren, herriko elkartean elkartu dira bazkari-luntxa partekatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak