Vatikanora joan ziren ziklistak omenduko dituzte ekainaren 13an

Julen Murua Mesonero 2026ko ekainaren 5a

Audientzia-eguneko argazki bat. Argazkia: Dorletako Ama elkartea.

Sei hamarkadaz elkar ikusi gabe egon eta gero, Gatzagan elkartuko dira Vatikanoan izan ziren txirrindulariak

Luis eta Angel Serrano anaia bizkaitarrek eta Jose Luis Saenz arabarrak Vatikanorako bidea hartu zuten 1960ko abuztuan, Arlabango gainean dagoen Dorletako Ama txirrindularien zaindari izendatzeko helburuarekin. Abuztuaren 8a zen, eta Giovanni XXIII.a aita santuak audientzia eman zien; Dorletako Ama txirrindularien zaindari izendatzeko aitorpen kanonikoa egiteko eskatu zioten han. Bada, abuztuaren 28an lortu zuten izendapena baieztatzea, eta, 66 urte geroago, Erroman izan ziren hiru gazteek "merezitako omenaldia" jasoko dute Leintz Gatzagan, Dorletako Ama elkarteko Joxerra Agirreurretak adierazi duenez.

3.200 kilometroko ibilbidea

Dorletako Santutegian egingo diete ongietorria Vatikanoan egon ziren hiru txirrindulariei, eta aurreskua dantzatuko diete. Horazio Argarate parrokoak eta Dorletako Ama elkarteko kideek hartuko dute hitza, eta balioa emango diote duela 66 urte lortutako balentriari. "Sekulako meritua du egin zutenak. Garai hartan gaur egun baino zailtasun handiagoak zeuden halako zerbait egiteko, eta eurek lortu zuten. 3.200 kilometro egin zituzten bizikletan, Dorletako Ama txirrindularien zaindari izendatzeko eskatzeko; hori izugarria da. Gainera, Italiako eremu hura oso bortitza da, oso menditsua, eta horrek are eta balio handiagoa ematen dio lortu zutenari", adierazi du Agirreurretak.

60 urteren ostean, batera

Dorletako Santutegiko museoa erakutsiko diete txirrindulari omenduei, eta Toki Eder elkartean egingo dute bazkaria gero. Omenduen gertuko 30 pertsona inguru egotea espero dute, eta Dorletakoek espero dute oso egun berezia izatea. "Erromatik bueltan, Gasteizen ongietorria egin zieten, baina harrezkero ez dira elkarrekin egon, eta harremana galduta zuten. Gatzagaren inguruko erreportaje bat ikusita izan zuten gure berri familiek, eta gurekin harremanetan jartzea lortu zuten. Sei hamarkada igaro eta gero, Dorletako Santutegia txirrindularientzat ikur izatea lortu zutenak elkartuko ditugu herrian bertan, eta oso une hunkigarria izango dela uste dut. Are gehiago, hiruretako batek eguneroko baten jasota du Erromarako bidaia nolakoa izan zen, eta egun hura gogoan izateko ere balioko digu omenaldiak", azaldu du Agirreurretak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak