Bi urteko lanaren ostean ireki ditu ateak ostatu berriak. "Duela bi urte ekin genion proiektuari, eta gogo handiarekin gaude etapa berri hau hasteko", azaldu du Iker Perezek. Gaineratu duenez, txikitatik izan dute harremana ostalaritzarekin: "Gurasoen landetxean lagundu izan dugu betidanik, eta proiektu hau proposatu zigutenean buruz buru sartu ginen. Hasieran ez genuen sinisten, baina errealitate bihurtu da".
Hogei bezerorentzat lekua
Soran etxeak hamar logela ditu, guztira hogei lagun hartzeko gaitasunarekin. "Gu hotel bat gara; lo egiteko lekua eta gosaria eskainiko ditugu. Gure helburua da bezeroa etxean bezala sentitzea", adierazi du Perezek. Oraingoz ez dute jatetxea edo kafetegia zabalduko, baina etorkizunean aukera hori aztertzeko asmoa dute. Soran etxea dagoeneko zabalik dago, eta inaugurazio eguna izan den arren, lehen erreserbak jasotzen hasi direla jakinarazi dute.
Herria biziberritzeko proiektua
Leintz Gatzagako alkate Dorleta Elkorobarrutiak nabarmendu du proiektuak herriarentzat duen balioa: "Asko esan nahi du herriarentzat. Horrelako leku enblematiko bat herri erdian berriz martxan jartzea, eta Leintz Gatzagak behar duen mugimendu horretan, inflexio puntu bat izan daiteke".
Gainera, gazteen ekimena txalotu du: "Hain jende gazteak herriagatik apostatzea niretzat oso garrantzitsua da. Hotelak mugimendua dakar, eta mugimendu hori ona da herriko komertzioentzat ere". Alkateak aurreratu duenez, udalaren nahia izango litzateke etorkizunean hotel azpiko taberna ere irekitzea.
Inaugurazioan izan da Azahara Domínguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatua ere. Hark zoriondu egin ditu Perez Gaztañaga anaiak egindako apustuagatik: "Eskerrak eta zorionak eman nahi dizkiet anai gazteei. Kalitatezko eta egonkorra den enplegua sortzen dute hiriburutik kanpo, eta balioa ematen diote gazteek gidatutako proiektu bati". Diputatuaren esanetan, horrelako egitasmoek udalerriak dinamizatzen laguntzen dute.
Perez anaiek azpimarratu dute herriarekin konpromiso berezia dutela: "Uste dugu Gatzagak bizitza behar duela, eta gure asmoa da herriak duen mugimendua hazten laguntzea. Azkenean, guk hemen bizi gara eta gure bezeroak ere herrira etorriko dira".