Iker eta Xabi Perez Gaztañaga anaiek berrabiarazi dute Soran etxearen proiektua. Familiatik datorkie sektore horretan jarduteko grina, eta "proiektu pertsonal garrantzitsua" da Soran etxearena eurentzat. 2019a ezkero itxita egon den etxea da Soran, eta duela pare bat urte piztu zitzaien Perez anaiei hura berrabiarazteko grina: "Gurasoek landetxe bat dute, eta guk betidanik izan dugu gogoa proiektu bat abiarazteko. Soran etxearekin lanean hasteko aukera izan genuen, eta, familiako negozioari jarraipena emateko asmoarekin, proiektuan sartzea erabaki genuen".
Pare bat urtez lanean
Etxeko obretan lanean ibili dira bi anaiak duela pare bat urte baino gehiago etxea erosi zutenetik. "Obraren zati handi bat gure kabuz egin dugu, eta 2024ko ekaina ezkero ibili gara horretan buru-belarri", adierazi du Ikerrek. Halako kontuek "espero baino luzeago" jotzen dutenez, inaugurazio eguna iritsi izanagatik "oso pozik" daude bi anaiak: "Proiektu honekin hasteko gogo handiarekin gaude. Duela bi urte ekin genion ibilbideari, eta, obraren lana gustuko izan dugun arren, ilusio handia dugu Soran etxeko lanekin hasteko. Negozioa zabalik dago, inaugurazioa gaur izango den arren, eta dagoeneko baditugu hainbat erreserba".
"Ilusio handia"
"Turistentzat, bailarako enpresetan lanean ibiltzen diren enpresarientzat edo Leintz Gatzagara bisitan etorri gura duten herritarrentzat etxean bezala sentitzeko gune bat eskaini nahi dugu", esan du Ikerrek. Gainera, "Soranen lo egiteko aukera eta gosaria" eskainiko dutela baina jatetxea eta kafetegia oraindik zabalduko ez dutela jakinarazi dute. Hala, euren hasierako helburua "oso gertukoa eta pertsonala" den zerbitzu bat eskaintzea izango da, "jendea etxean bezala sentitu dadin".
Gatzagari ekarpena
Iker Perezek onartu du Soran etxearen proiektuarekin lanean hasi zirenetik "oso konprometituta" daudela Leintz Gatzagarekin. "Uste dugu herri honek bizitza behar duela, eta Udalarekin etengabeko elkarlanean dihardugu Gatzagak gaur egun duen bizitza handitzen jarraitzeko. Azkenean, guretzat ere interesgarriena da herria ahalik eta ondoen egotea, gu hor bizi garelako eta gure bezeroak Gatzagara etorriko direlako", nabarmendu du.