Eguraldia lagun izan dute Gatz Egunaren hamargarren ediziora joan diren herritarrek, eta Leintz Gatzagako alkate Dorleta Elkorobarrutiak dioenez, "eguraldiak laguntzen badu, egunaren %90a eginda" dago. Gainera, "dagoeneko errotuta dagoen eguna" dela dio alkateak, eta jendeak "gatz bidetik etortzeko hartu duen ohitura" nabarmendu du. 10:00etatik izan dute herritarrek bertako produktuen azokan ibiltzeko aukera, eta goizean zehar Gatz Museoan zein herriko alde zaharrean bisitak egiteko aukera ere izan dute. Horiek guztiak ez ezik, (H)istorikoak oihaletan egindako akrobazia ikuskizunak eta Erromintxelak taldearen kontzertuak ere girotu dute Herriko Plaza.
Gatzaren historia
Leintz Gatzagan hainbat ikur daudela dio Elkorobarrutiak; besteak beste, "Gatzagako ondarea, basoak, Gatz fabrika eta Dorleta". Baina, azkenean, horiek guztien oinarria "gatza" dela dio alkateak. Hori dela eta, "gatzak emandako ondareak eta gaur egun produzitzen jarraitzeak duen nortasunari eutsi egin behar diogu. Herriarentzat bai, baina Debagoienarentzat ere garrantzitsua da", dio Elkorobarrutiak.
Elkarlanaren garrantzia
Gatz Museoko arduradun Aitor Larrañagak herriko eragileek elkarlanean egindako lana azpimarratu du: "Garrantzitsuena da parte hartze handia duen eguna dela, eta eragile asko daudela atzetik. Elkarlan baten ondorioz sortutako egun bat da eta hori da politena; alegia, herri txiki honetan halako parte hartzea egotea".