Makilakorta Fest jaia ospatuko dute Gatzagako gazteek, seigarrenez

Julen Murua Mesonero 2026ko maiatzaren 8a

Gatzagako plaza, Makilakorta Fest egunean. Argazkia: Goiena.

Frontenis txapelketa egingo dute; ohiko herri bazkaria eta kontzertuak ere egongo dira frontoian eta plazan.

Makilakorta Fest jaia antolatu dute zapatu honetarako, beste urte batez, Gatza City Krew Leintz Gatzagako gazte taldeko kideek. Aurtengoa seigarren edizioa izango da, eta hiru hitzordu nagusi izango ditu egitarauak: frontenis txapelketa, herri bazkaria eta kontzertuak.

09:00etan elkartuko dira parte hartzaile guztiak, Leintz Gatzagako frontoian, eta frontenis txapelketarekin hasiko dute eguna. Hamasei bikotek osatutako txapelketa izango da. Partiduak jokatu ostean, bailarako artisauen azoka egingo dute, 11:00etan hasita, Herriko Plazaren eta frontoiaren artean dagoen aterpean. Ostean, 14:30ean, herri bazkaria egingo dute, frontoian, eta menua izango da arroza haragiarekin, saiheskia eta goxua. 

Finala eta kontzertuak

Bapo jan ostean, frontoian jarraituko dute Gatzagako gazteek; izan ere, 17:00etan hasiko dira frontenis txapelketako finalaurrekoak, eta ostean jokatuko da finala. Txapelketako bikote irabazlearentzat saria izango da Maulanda jatetxean bi pertsonarentzako bazkari bat, eta bikote txapeldunordearentzat, berriz, otzara bat. Frontenis txapelketarekin bukatu eta jai giroarekin jarraitzeko asmoz, bi kontzertu egongo dira, Herriko Plazan, 19:30ean hasita: Bidelapurrak eta Edu Zardoya taldeak igoko dira oholtza gainera. Kontzertuak entzun bitartean eta ostean, afaldu nahi duenak ere izango du horretarako aukera; izan ere, azken urteetan egin bezala, Gurel Guraso Elkarteko kideek ogitartekoak jarriko dituzte salgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak