Hawaiin egon zinen boluntario lanetan; nola erabaki zenuen joatea?
LEINN gradua egiten ari naiz Oñatin, eta bertan hasi ginen bidaiatzen eta beste leku batzuk ezagutzen. Hasieran, Europako hiri batzuetara egin genituen irteerak, baina horrek gehiago piztu zigun jakin-mina eta urrunago joateko gogoa. Udara begira dirua aurreztuta geneukan, eta pentsatzen hasi ginen nora joan gintezkeen. Leku berezi bat nahi genuen, ezohiko helmuga bat bakarrik. Orduan, Hawaiira joateko ideia hori buruan sartu zitzaigun. Pentsatu genuen boluntario moduan joanez gero, batetik, merkeago aterako zitzaigula, eta, bestetik, esperientzia aberasgarriagoa izango zela.
Zer lan egiten zenuen bertan?
Bertan egiten genuen lana, batez ere, eraikuntzarekin eta lorezaintzarekin lotuta zegoen. Etxe bat eraikitzen ari ziren, eta guk lagundu egiten genuen hainbat lanetan. Horrez gain, lorategian ere ibiltzen ginen: belar txarrak kentzen eta frutak landatzen. Azkenean, lana giro onean eta presiorik gabe egiten genuen, eta horrek asko laguntzen zuen esperientzia positiboa izaten.
Zein momentu edo bizipenek harritu zintuen gehien?
Nik uste dut gehien harritu nauena izan dela konturatzea bidaiatzeko beste modu bat dagoela. Askotan, pentsatzen dugu horrelako lekuetara joatea oso garestia dela, baina boluntariotzarekin errazagoa da, alde horretatik. Ostatua ematen dizute, eta horrek asko errazten du dena. Horretaz gain, garrantzitsuena jendea da. Hiru lagun joan ginen, baina han beste boluntario asko ezagutu genituen, munduko toki askotatik joandakoak. Azkenean, udaleku baten antzeko giroa sortzen da: konfiantza sortzen da eta harremanak egiten dira, nahiz eta munduko beste puntan egon.
Hezitzaile lanetan, umeekin lan egitean gehien gustatzen zaizuna?
Umeekin lan egitean gehien gustatzen zaidana da duten espontaneotasuna. Ez dute guk askotan daukagun presio edo ardurarik, eta momentua bizitzen dute, benetan disfrutatzen dute egiten dutenarekin. Horrek askotan pentsarazten dit guk ere gehiago egin beharko genukeela hori, eta, egia esan, inbidia ere ematen didate.
Zaila al da hezitzaile lana? Zein dira erronkarik handienak?
Nire kasuan, egia esan, ez zait oso zaila egin. Eroso moldatu naiz, eta gustura ibiltzen naiz. Hori bai, pazientzia behar da; batzuetan, umeek beste erritmo bat dute edo ez dute zuk planifikatuta daukazuna egin nahi, eta hor jakin behar da lasaitasunez erreakzionatzen. Nik, batzuetan, ez dut pazientzia osoa izaten; kar-kar.
Zer ikasi duzu boluntariotzatik eta hezitzaile lanetik zure bizitzarako?
Bi esperientziek gauza antzeko bat irakatsi didate: moldatzen jakitea. Askotan, dena planifikatzen dugu; adibidez, udalekuetan egun osoa antolatuta egoten da, eta planak aldatu egin behar dira. Gauza bera gertatzen da bidaietan ere. Guk boluntariotza bidaia bezala planteatu genuen, eta, nahiz eta plan batzuk eginda genituen, momentuaren arabera joan ginen erabakiak hartzen. Azkenean, ikasi dudana da ez dela beti dena kontrolpean eduki behar, baizik eta unean unekora egokitzen jakin.