Joxerra Agirreurreta: "Gipuzkoan ez gara ezer, baina nazioartean maitasun handia erakutsi digute"

Julen Murua Mesonero 2026ko maiatzaren 6a

Joxerra Agirreurreta goian eskuinean, Europako txirrindularien zaindarien topaketako ordezkariekin. Argazkia: J.A.

Dorletako Ama txirrindulari elkartearen museoak opari berri bat jaso du Belgikara egin berri duten bidaiatik: Tadej Pogacar txirrindulariaren maillota. Opariez gain, bidaian zehar jasotako "maitasuna" nabarmendu dute elkartetik.

Belgikako Stekene herrian izan dira joan den asteburuan, Leintz Gatzagako alkate Dorleta Elkorobarrutia, Eneka Zancada zinegotzia eta hainbat herritar; tartean, Dorletako Ama txirrindulari elkarteko kide Joxerra Agirreurreta eta Jon Sasiain. Europako txirrindularien zaindariak dituzten elkarteekin egin dute bat bidaian; izan ere, Dorletako Amakoek badute nolabaiteko anaitasuna norbere herrian txirrindularien zaindarien ikurrak dituzten elkarte horiekin. Leintz Gatzagaz gain, hiru dira halako ikurrak dituzten tokiak: Frantziako Labastide-d'Armagnac komunan kokatzen den Notre-Dame des Cyclistes-eko kapera; Ghisalloko Andre Maria, Magreglionen (Italia); eta asteburuan bisitatu duten Saint-Eligius eliza, Stekeneko Klein-Sinaain auzoan (Belgika).

Dorleta Elkorobarrutia, Saint-Eligius elizako parrokoarekin batera, Dorletako Amaren irudia eskuetan duela. Argazkia: Joxerra Agirreurreta.

Dorletako Amaren horma-irudia Belgikan

Ez da izan halako bidaia bat egiten duten lehen aldia Dorletako Amako kideentzat, baina Joxerra Agirreurretak onartu du honako honetan nahi izan dutela "udal ordezkariak ere bertan izatea ikusteko zer neurri hartzen duen honek guztiak". Bidaian zehar, bataren zein bestearen bizipenak partekatu, txirrindulari lasterketa bat jarraitu eta hainbat sorpresa jaso zituzten; besteak beste, Dorletako Ama elkartearen museoan kokatuko duten Tadej Pogacar txirrindulariaren maillota. Horrenbestez, gatzagarren bildumak osatzen jarraitzen du, eta ez edonolako txirrindularien maillotekin, gainera.

Jon Sasiain Pogacarren maillotarekin. Argazkia: Joxerra Agirreurreta.

Jaso dituzten opariak baino, Belgikan egon diren egunetan jasotako maitasuna nabarmendu du Agirreurretak: "Besoak zabalik jaso gaituzte beste behin; izugarria da erakutsi diguten maitasuna. Saint-Eligius elizara sartu ginenean ikusi genuen Dorletako santutegia agertzen den homa-irudi bat; Leintz Gatzaga ere irakur zitekeen argi eta garbi. Izugarria izan zen, eta uste dut udal ordezkariak ere konturatu zirela txirrindularia badela gure herria ezagutzera emateko modu bat. Gipuzkoan ez gara ezer, baina nazioartean maitasun handia erakutsi digute, eta gure herriaren horma-irudia ikustea hunkigarria izan zen".

Egin dituzten topaketek izandako arrakasta eta jasotako berotasuna ikusita, Agirreurretak dio "odolkiak ordainetan" direla eta "anfitroi lanak egitea" egokitzen zaiela orain. Ez daki datorren urtean edo hemendik bi urtetara izango den, baina "ziur" daki Europako txirrindularien zaindariak dituzten elkarteak Gatzagara gonbidatuko dituztela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak